Urte osoa iraun duen eleberri hostokatua izan da G7koen goi bilera Ipar Euskal Herrian; Frantziak egin du kontakizuna, eta nahi zuen bukaera eman. Urtarrilean egin zuten lehen agerpena Miarritzeko Herriko Etxean Michel Veunac auzapezak eta Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak, goi bileraren harira hartuko zituzten segurtasun neurriak azaltzeko: Miarritze bunkerizatua; Ipar Euskal Herria kontrolpean; aireportua eta tren geltoki gehienak, itxiak; trenik kasik ez, autobusak geldirik; BAB hiriguneko errepide nagusi batzuk moztuak. Nehoiz ikusi gabeko segurtasun neurriak iragarri zituzten zazpi agintarien bilerak zaintzeko; eta hori izan da zortzi hilabetez atxiki duten hari gorria. «Badago kezka bat G7koenaren heineko gertakari baterako Black Bloc eta bestelakoak etorriko direla Europa iparraldetik», azaldu zuen Veunacek.
Goi bileran aztertuko zutena baino gehiago aipatu da hura zaintzeko nolako baliabideak emanen zituzten. «Erronka» gisa aurkeztu zuen Chistophe Castaner Frantziako barne ministroak joan den urteko uztailan Miarritzera (Lapurdi) egin zuen bisitan. «Segurtasun indarren ezohiko mobilizazioa izanen da G7koen gailurraren harira. Barne ministerioaz gain, armada, aduana eta osasun zerbitzuak ere mobilizatuak izanen dira». G7koena baino egun batzuk lehenago, nazioarteko gertakaria 20.000 poliziak zainduko zutela iragarri zutenean, ez zuen bestelako harridurarik sortu.
2018ko ekainean hasi ziren goi bileraren kontrakoak antolatzen, EH Bairen ekimenez; udazkenean aurkeztu zuten G7 Ez plataforma. «Gure helburua da gailurra ez egitea, eta, egiten bada, erabat blokeatzen saiatu gara», aurreratu zuen Hartzea Lopez plataformako kideak, 2019 hasieran. Goi bilera bertan behera uzteko eskatu zioten auzapezari, eta, bistan dena, ez zuen onartu. Euskal Herriko 50 eragile inguruk izenpetu zuten goi bileraren kontrako mezua, eta, Frantziako eragileekin osatu zen bigarren plataformarekin batera, kontragailurra antolatzeari ekin zioten. Hilabete luzez iraun zuten plataformaren eta Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetaren arteko negoziazioek: Baiona eskatu zuten goi bileraren kontrakoek, Akitze (Landak) eskaini zieten; Irun eta Hendaia artean egitea adostu zuten azkenean.
Agorril hastapenean aurkeztu zuten kontragailurraren egitaraua; hilaren 21ean hasi, eta 26a arte 40 hitzaldi, 50 tailer (zazpi gai orokorren inguruan). Hiru gune nagusitan antolatu zuten eremua: Irungo (Gipuzkoa) Ficoba aretoan konferentzia nagusiak, Hendaiako Kaneta portuan Aman Komunak eta Ambazadaren Aste Intergalaktikoa, eta eskola zaharrean Gazte Gunea. Urruñan (Lapurdi), 2.500 pertsonarentzako kanpalekua prestatu zuten. Agorrilaren 24erako manifestazioa deitu zuten, eta 25ean Baiona-Angelu-Miarritze eremuan zazpi elkarretaratze antolatu zituzten, manifestazio debekuari aurre egiteko. Aurkezpenean, goi bileraren kontrakoek onartu zuten ekintza kontsentsua aurkeztu zuen Egoitz Urrutikoetxeak: «Lasaitasunez eta erabakitasunez ariko gara, eraikuntza eta erresistentzia jarrerarekin. Ez dugu deus suntsituko, eta indarkeriarik gabeko metodoak erabiliko ditugu. Guk nahi dugu G7koek bermatzen ez dutena bermatu: herritarrek modu askean, librean eta seguruan eztabaidatzeko lekua izan dezaten».
Lurralde oso bat geldirik... «Abagune bat da gure lurraldeak dituen baliabideak mundu guziari erakusteko», adierazi zuen Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak 2018ko abenduan. «Oroitarazi nahi izan dugu tokiko enpresekin lanean ari garela merkatu berriak lortzeko. G7koen bilera arrakastatsua izan dadin, hemengo jarduera ekonomikoaren erakusleiho izan beharko da», azpimarratu zuen. Hori izan da tokiko agintariek urte guzian atxiki duten mezua, goi bilera eta araberako segurtasun aparatua ezartzea legitimatuz.
Baina, G7koena baino egun batzuk lehenago, denek ez zuten hain argi afera. Baionako eta Miarritzeko dendarien artean kezka zen nagusi, eta informazio falta salatu zuen batek baino gehiagok. Ezinegona, dudak eta kezkak ziren nagusi. Uztail eta abuztu hasieran suprefetarekin eta auzapezarekin bildu ziren. Batetik bestera izandako tonu aldaketa nabarmendu zuen Laurent Bounet barazki saltzaileak. Haren arabera, uztaileko bilkuran alarma gorri guziak piztu zituzten, baina, abuztu hasierako bilkuran arras beste mezu bat zabaldu zieten. Baionan istiluak gertatu ala ez, hornitzeko arazo handiak izanen zituela aurreikusita, goi bilera garaian ixtea erabaki zuen; hala egin zuten beste saltzaile andanak ere. Gainerakoek, beren dendak babesteko neurriak prestatu zituzten.
Agorrilaren 21etik 26erako egunak tentsioz beterikoak izan ziren. Jende anitz egon zen kontr gailurrean antolatutako ekitaldietan, baina, liskarrak gertatzeko beldurra agerikoa zen, eta plataformaren koadrotik kanpo modu autonomoan eta espontaneoan sortutako ekinaldiak gelditzen entseatu ziren antolatzaileak. Ostiralean, istilu batzuk gertatu ziren Urruñako (Lapurdi) erlaitzean; larunbatean, manifestazio jendetsua izan zen -15.000 lagun bildu ziren antolatzaileen arabera-. Arratsaldean, Baionan, 500 bat pertsonak manifestazio inprobisatua egin zuten. Igande goizean, Bizi-ko kideek potreten martxa egin zuten Baionan, Frantziako presidentearen argazki lapurtuak ateraz.G7 Ez plataformak iganderako aurreikusia zuen zazpi elkarretaratzeen ortzadarra bakarrera mugatu zuten; gerta zitekeenaz beldur, bertan behera uztea erabaki aitzin. Ebatzi zuten manifestarien segurtasuna ez zela bermatua Poliziaren jardunaren aitzinean. G7koen jarduna oztopatzeko aurreikusitako ekintzak ere ez ziren egin ahal izan.
Hala ere, balorazio baikorra egin zuten plataformako bozeramaileek: «aste honetan, bi herrialde ari ziren lanean: batetik, Miarritzen, elite ekonomiko eta politikoarena: hipokrisiaz betea eta erronka globalen aurrean gizateriaren beharren aurrean batere eraginkorra ez dena. Bestetik, mugimendu sozialak, gehiengo sozialaren eguneroko errealitatea kontuan hartuta eta balio eta alternatiba progresibo eta arduratsuen aldeko apustua egin dutena», adierazi zuen Eñaut Aramendik. Plataforman parte hartu zuten guziek ez zuten, hala ere, baikortasun horrekin bat egin, eta barne mailan ikusitako arazoen berri eman zuten iritzi artikulu eta elkarrizketa ezberdinen bidez.
Goi Bileraren antolatzaileek eta tokiko agintariek ere baikorki baloratu zuten Lapurdi kostaldean iragandako asteburua. «Lan bikaina», «irudi zoragarria», «kohesio handia»... Loreak ez ziren falta izan Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak Baionako auzitegira egin zuen bisitan. G7koen goi bilera «arrakasta diplomatikoa» izan zela nabarmendu zuen Etxegaraik ere, eta estatuko zerbitzuek lurraldearen eskura eman zituzten baliabideak eskertu: «Beharrezko baliabideak ziren, eskatu genituen baliabideak; besteak beste polizia eta jendarme kopuruan». Urrian, Frantziako Ekonomia Ministerioak jakinarazi zuen 412 enpresak kalte-ordainak jasoko zituztela «eragindako trabagatik»; orotara, 1.161.000 euro.
Poliziak joan ziren, jendea eguneroko bizimodu normalera itzuliz zen nolazpait, baina goi bileraren ingurukoak ez dira horretan gelditu. Egun horietan atxilotutakoen kontrako epaiketak izan dira udazkenean zehar. Afera gehienen baliogabetzea iragarri dute epaileek, prozedura akatsak direla-eta. Beste kasu batzuetan, aldiz, frogen eskasagatik jo dituzte errugabetzat. Epaitegiak hamar pertsona zigortu ditu guztira: bi kartzelatuak izanen dira —hilabete eta bi hilabeteko zigorrekin—. Gainontzekoek 100 eta 500 euro arteko isunak pagatu beharko dituzte.
Abuztua
Goi bilera, urte oso batez
Munduko zazpi potentziarik handienetako agintariak Miarritzen (Lapurdi) elkartu ziren joan den agorrilean egin zuten goi bileran. Kasik aste batez setio egoeran egon zen Lapurdiko kostaldea, poliziaz eta militarrez inguratua. G7koenaren kontrakoek mobilizazio zenbait antolatu bazituzten ere, ez zuten lortu agintarien joan-etorriak trabatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu