Mundua sutu zuen urtea

Klima aldaketa larrialdi edo krisi bilakatu zen 2019an

2019a urterik beroenetan bigarrena izan zen. Neurketak egiten hasi zirenetik hamarkadarik beroena izan zen 2010ekoa. Klima krisia hedabideetako gai nagusietako bat bihurtu zen, eta gazteek kaleak bete zituzten irtenbide eske.

Iñaki Petxarroman Gutierrez
2020ko otsailaren 5a
13:03
Entzun

Agerian geratu zen munduan zehar izandako muturreko fenomenoen gordina. Poloetako izotzak urtu ziren; muturreko tenperaturak izan ziren munduko toki askotan: uholdeak, lehorteak eta suteak. Amazonian udan izandako sugarrek herritarren eta hedabideen alarmak piztu zituzten —900.000 hektarea oihan erre ziren munduko birikatzat hartzen den lekuan—, eta udazkenetik Australian izandako suteek izua eragin zuten, etorkizunak ekar dezakeen egoera larriarengatik. Australian, 2019an izandako tenperatura altuek eta hilabeteotako lehorteek eragin zituzten herrialde horretan inoiz gertatutako suterik suntsitzaileenak.

Australia

Gutxienez hamar milioi hektarea kiskali zituzten sugarrek herrialdean zehar. Hau da, Amazoniako eremua baino hamar aldiz handiagoa zen sugarrek Ozeaniako herrialderik handienean kiskalitakoa. Ke iraunkorra arnastera ohitu behar izan zuten herritarrek; milaka etxe kiskali ziren, eta dozenaka lagun hil.

Brasil

Brasilgo Espazio Ikerketarako Institutu Nazionaleko (INPE) datuen arabera, 9.762 kilometro koadro baso deforestatu ziren 2018ko uztailetik 2019ko abuztura han; hau da, aurreko aldi berean baino %30 gehiago. 2008tik izandako daturik txarrena izan zen hori.

Urte beroenetan bigarrena

2019a urte beroenetan bigarrena izan zen, Copernicus Europako Klima Aldaketarako Agentziak emandako datuen arabera. Hala, inoizko hamarkadarik beroenari amaiera eman zion urteak, eta erakutsi zuen klima aldaketa indarrean dagoen prozesu ukaezin bat dela. Copernicusen arabera, 2016a da, oraingoz, munduan neurtu den urterik beroena. Baina ohartarazi zuen urte horretan El Niño fenomeno meteorologiko indartsu bat izan zela. Nasa agentziaren arabera, prozesu horrek 0,2 gradu arte berotu zuen munduko tenperatura. Copernicusen datuen arabera, azken bost urteak izan dira inoiz neurtutako beroenak, eta planetaren tenperaturaren batezbestekoa 1,1 eta 1,2 gradu artean berotu da dagoeneko industria aurreko garaitik. 2019an, esate baterako, tenperatura 0,6 gradu altuagoa izan zen 1982-2010 aldiko batez besteko tenperatura baino.

 

Koloreen arabera kodetutako mapa honek lur azal globalaren tenperatura anomalien aldakorren progresioa erakusten du. Tenperatura normalak 1951-1980 epealdiaren batazbestekoari dagozkio. Normala baino tenperatura altuagoak gorriz ageri dira, eta normala baino tenperatura baxuagoak urdinez. Amaierako koadroak 2015-2019 epealdiko 5 urteko tenperatura globalaren anomaliak adierazten ditu. (Iturria: NASA)

CO2

409,2 milioiko parte atmosferan 2019an 36,8 mila milioi tona gehiago

Atmosferan pilatutako CO2 kantitateak handitzen jarraitu zuen 2019an zehar ere. Horri dagokionez, Copernicusek jakinarazi zuenez, inoizko kontzentraziorik handiena neurtu zuten: 409,2 milioiko parte (ppm). 1750ean 277 ppm zeuden. Izan ere, CO2 isurketek handitzen segitu zuten 2019an ere, Global Carbon Projectek emandako datuen arabera: 36,8 mila milioi tona CO2 isuri ziren, 2018an baino 0,2 mila milioi tona gehiago (%0,6)

Izotzen urtzea

Ipar hemisferioan izandako beroaldi horrek eragin handia izan zuen Groenlandiako eta ipar poloko izotzetan. Izan ere, eremu horiek bereziki kalteberak dira munduan izaten ari den berotze globalarekiko. Adibidez, Artikoko tenperatura bi bider azkarrago igotzen ari da munduko gainerako tokietan baino, eta horrek eragiten du zuzenean urtzen ari den izotzean.

Bistaratze horrek erakusten du Artikoko itsas izotzaren urteko minimoaren hedapena 1979tik 2018ra, mikrouhin-labearen datu pasiboetatik eratorria. Gainjartze grafiko batek erakusten du eremua milioika kilometro koadrotan, urte bakoitzeko gutxieneko egunerako. Goiko eskuineko izkinan agertzen den datak erakusten den urtea adierazten du. (Iturria: NASA)

COP25 eta Parisko Hitzarmena

Bide gorabeheratsua egin zuen Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko aldeen 25. konferentziak ere (COP25). Azkenean Madrilen egin zen bilera. Bilana, baina, eskasa izan zen. Parisko Hitzarmena martxan jartzeko urtebete falta zela, hainbat korapilo askatu behar zituzten Madrilen, baina ez zuten halakorik egin. Besteak beste, ez ziren ados jarri karbono isurien merkatua arautzen. Gai horretan, besteak beste, nabarmen eragin zuten Australiak, Brasilek eta AEBek. Eztabaida gogorrak izan zituzten klimaren aldeko ekinaldia indartu nahi duten herrialde batzuekin, haiek CO2 isurketak murrizten joateko erabili nahi dutelako merkatu hori. Aldi berean, kontabilitate bikoitza saihestu nahi dute herrialde horiek. Azkenean, negoziazioak trabatuta geratu ziren. Hori gutxi balitz, CO2 isurketak murrizteko helburu handinahiagoak aurkeztu behar zituzten herrialdeek, Parisko Hitzarmenean aurkeztutakoak ez baitira nahikoak berotze globala 1,5 gradukoa baino handiagoa izan ez dadin. Eta, horri dagokionez, nabarmena da isurketen %60ren ardura duten herrialdeek (Txina, AEBak, India eta Europako Batasuna) azaldutako konpromiso eskasa. Europako Batasuna da, izatekotan, asmo positiboak aurkeztu dituen bakarra. Izan ere, abenduan onartu zuen Itun Berdeak konpromisoa hartu du 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko eta 2030erako berotegi gasen isurketak %55 gutxitzeko.

Fridays for future

Datuek erakusten dute klima krisia ez ezik krisi ekologikoa ere badela munduan. Eta adituek ohartarazi dute aldaketek azkarrak eta sakonak izan behar dutela egoerari aurre egiteko. Horixe eskatu zuten milaka herritarrek ere kalean, besteak beste Fridays For Future (FFF) gazte erakundeak urtean zehar mundu osoan antolatutako protestetan. Greta Thunberg gazte suediarrak jarri zuen martxan erakunde hori, 2018ko abuztuan, klimaren aldeko grebaren egitasmoarekin. Geroztik, munduan zehar barreiatu zen haren deiadarra, besteak beste, Euskal Herriraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.