Iraila

Laranjak gorrira egin zuen urtea

Atzerriko kapitalak Euskaltel konpainiaren kontrola eskuratu zuen 2019. urtean. Erresuma Batuko Zegona funtsak zuen gehiengoa, Kutxabanken gainetik, eta Jose Miguel Garcia jarri zuen lemazain, zerbitzua Espainiara zabaldu eta akzioaren balioa handitzeko.

Euskaltelen denda bat, merkataritza zentro batean. Kolore laranjak islatzen du konpainiaren nortasun korporatiboa. BERRIA
xabier martin
2020ko otsailaren 13a
18:03
Entzun

Euskal kontrola itzalita edo estaldurarik gabe zegoen Euskaltelen. Eusko Jaurlaritzak beti estrategikotzat jo zuen konpainia hori atzerriko kapitalaren esku zegoen 2018ko udaz geroztik, Erresuma Batuko Zegona funtsak aspaldiko asmoak gauzatu eta akzioen gehiengoa eskuratu zuenetik. Hark lema eskuratu bezain laster, konpainia laranjan argi gorria piztu zen, ekimen publiko-pribatuak bultzatuta jaiotako telekomunikazio enpresa estrategikoan ziztu bizian hasi baitziren aldaketa sakonak egiten.

Alabaina, burtsan egotearen joko arauak, mesedeak eta arriskuak ondo baino hobeto ezagutzen zituzten enpresa kotizatua bilakatzera eraman zutenek 2015eko udan, Alberto Garcia Erauskin presidente zuen administrazio kontseiluak, alegia. Burtsaratze horretan, bonusen bidez, 41 milioi euro banatu zituzten zuzendaritzako kideen artean. Hiru urte geroago, ordea, ikusi zuten nola iritsi zen lehen-lehenik Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkari gisa, Francisco Artetxeri aulkia kendu eta akziodun nagusiaren helburuak betetze aldera. Euskaltelen akzioa handitzeko bide orria aurkeztu zuen hark udan. Hedatzea zen bide orri horren azken helburua, Espainiako estatuan barna zabaltzea, merkatuko handiekin lehiatzeko, eta berezkoa zuen eremuaren (Euskal Herriaren) erosotasunetik urrunduta konpainiaren errentagarritasuna handitzeko.

Musika horrek ez zuen gogaitzen Jaurlaritzaren belarria, Kutxabank bigarren akziodun zelarik, begien bistakoak liratekeelako Euskaltelek diru gehiago irabaztearen abantailak. Arazoa zen Zegona funts bat zela, jabeei errentagarritasuna eskaintzea lehen helburu zuen funts bat, eta hedatze hori nola egiten den pisu handikoa izan zitekeen konpainiaren etorkizunari begira. Litekeena zen Euskaltelen akzioak nahiko errentagarritasun zuenean Zegonak bere parte hartzea saldu nahi izatea. Inork baztertzen ez zuen hipotesi horrek erabat irekita utzi zuen Euskaltelen erabaki gunea guztiz galtzeko aukera, Zegona akziodun nagusi zen arren, Euskal Herrian baitzegoen egoitza nagusia. Are, Bizkaian jarrai zezan konpromisoa ere azaldu zuen Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariak 2019 urtearen hondarrean.

Izan ere, bere agerraldi publiko bakarrean, Euskaltelen inguruko kezkak argitzeko urratsa egin zuen Garciak abenduan. Ukatu egin zuen zuntz sarea saltzeko planak zeudela «orain» —Patxi Lopezen Jaurlaritzak abantaila handiko prezioan saldu zion enpresari—, eta «bermatu» zuen egoitza nagusiak Zamudion jarraituko zuela. Era berean, berretsi zuen konpainia «Espainiako merkatu osoan» lehiatzeko prestatzen ari zela, eta zabaltzeko ariketan Erresuma Batuko Virgin marka sartu zuen, «egokia» zelakoan; etxean, Euskaltel markari eutsiko liokete, edonola ere. Euskal erroa indartzeko ildoan aritu zen, beraz, eta balizko inbertitzaileei esan zien «ongi etorriak» zirela, baita Eusko Jaurlaritzari ere.

Ez alferrik, Jaurlaritzak esana zuen Euskaltelen akziodun gisa sartzeko prest zegoela jabetzaren orekak halakorik beharko balu konpainia estrategikoari Euskal Herrian eusteko, baina Zegonaren ahots Jose Miguel Garciak aldendu egin zuen aukera hori. Ematen zuen Lakuak ez zuela begi txarrez ikusten «Espainiako merkatu osora» hedatzeko aukera, betiere errentagarritasuna handitzeko xedea lortuz gero. Zabaltze hori finantzatzeko zuntz sarea saltzea aukera bat zela argitaratu zuten hainbat hedabidek, baina Garciak baztertu egin zuen hori, «azpiegituraren jabetzari eustea inportantea baita lehiatzen jarraitzeko». Gainera, ematen zuen sektoreko beste eragileekin «egin daitezkeen akordioen bidez» hedatzeko asmoa zuela.

Horiek horrela, nahiko segurutzat jo zitekeen 2020. urtean Euskaltel Madrilen edota Andaluzian zerbitzua eskaintzen izango zela. «Derrigorrezkoa da Euskaltel ez dagoen merkatuko %85eko zati horretara zabaltzea, urgentziazkoa», esan zuen kontseilari ordezkariak. Horren aurretik, beste eginkizun batekin hasia zen udaz geroztik: efizientzia lortzea, espezializatzea, eta «Euskaltelen balioa handitzea».

Eta zer markarekin zabaldu nahi zuen Euskaltelek? Bada, horretan ere ez zegoen erabateko segurtasuna, baina Virgin marka aipatu zuen bere agerraldian Garciak, «prestigioa baduelako»; hala ere, salmenta handienak Euskal Herrian zituen konpainiak, eta Euskaltel markak aurrera egingo zuen. «Ezin da bestela izan, gure erroa baita eta konpainiaren izaera islatzen baitu; ezin dugu galdu balio hori: Euskaltelen fakturazioaren datuek beren kabuz hitz egiten dute». Espainiako merkatuan lehiatzeko, Euskal Herrian islatzen zuen balioa islatuko lukeen marka baten bila zebilen Euskaltel; ez zen erraza, baina Virgin izan zitekeela ematen zuen; «aztertu egin behar da oraindik», esan zuen Garciak. Nafarroan jada Euskaltel markarekin ari zen konpainia laranja; logikoa zen hori, kontseilari ordezkariaren arabera, «hura lehengusua izanda»; Errioxan ere euskal markarekin probatzen ari ziren .

Horiek horrela, atzerriko kapitalaren kontrol berriak alarmak piztu zituen euskal erabaki gunearen galera zela eta, baina egoitza lekualdatzea erabat bazterturik zeukala jakinarazi zuen Jose Miguel Garciak. «Sektoreko eragile handi bakarra gara egoitza Madrildik kanpo duena, eta horrek bereizten gaitu. Egoitzak Zamudion jarraituko duela bermaturik dago, hasteko harro gaudelako sustrai horretaz». Zegona Jaurlaritzarekin sintonia onean zebilela erakusten zuen errelebo bat ere egon zen urte bukaeran. Kutxabankeko presidenteorde Xabier Iturbek hartu zuen Alberto Garcia Erauzkinek Euskaltelen utzitako presidentearen eserlekua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.