Zuzendariari

Adio, izar ederra

Irun.
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Izo Felisa maitea: Zer moduz egin duzu zeruranzko hegaldi hori? Irribarre triste batekin irribarre argitsu horri agur erraten diot. Agur erraten datzut, izo Felisa, eta mila goraintzi gainerako izarrei, batez ere aita zenari, baita izo Juanitari, osaba Tomasi, izo Carmeni, izo Maria Luisari, amatxi Eugenieri eta aitatxi Joxeri ere. Irribarre egiten datzut Lisboan zeunden moja maitagarrienari, sor Margaritari, eta zoriontsu izaten saiatuko naiz familiarekin eta lagunekin irribarretsu, umoretsu. Negar aunitz egin dut, baita irribarre ere; haserretu naiz gehien maite ditudanekin, eta maitemina sentitu dut. Oroitzen dut zuk behin Iruñean geundela izo Teresaren etxean galdetu zenidala ea probatu nahi ote nuen moja edo komentu bizitza, eginen zenidatela tokitxo bat Lisboan, mutil-lagunik edo nobiorik ez banuen bederen. Nik ez natzun deus ere arrapostu duela bortz urte, isilik gelditu nintzen. Barkatu. Sei urte hauetan gauza aunitz gertatu zaizkit, Senpereko udaren azken batez,lamien urruneko kantuaz, irribarre samur batez, oharkabean sakon maitemindu nintzelako behin. Horregatik ez nion zure proposamenari erantzun. Maite zintudan, eta maite zaitut, nahiz eta azken boladan neurekoi hutsa izan eta neure barrura begira egoteagatik ez natzun telefonatu eta galdetu zer moduz ote zinen, nire ahotsa entzun zenezan gutxienez. Sentitzen dut. Baina aspaldi ohartu naiz deus ere ez dela betiko, inor ere ez gaudela mundu honetan betiko, eta heriotza bizitzaren zati banaezina da, jaiotza bezalaxe. Zure joanak biluztu nau, berriro biluzik nago munduan. Orain minez nago zeru horretara zure irribarreari so, ama birjin egunaren biharamunetan, eta zure maitasuna oroitzen dut. Badakit ez zinela perfektua izan, inor ere ez da perfektua, baina bikaina zinen, paregabea, eta zure hutsa sentitzen dut. Orain zu maitatzen segitu nahi dut zu nire ondoan izan gabe ere. Nire maitasuna hazi eta on dadin nahi dut. Lagunduko al didazu, ene izar maite, ene izar argitsu? Esker mila aunitz denagatik, izo Felisa!

Euskaraz idatzi datzut azken eskutitz hau, dakidan arren, Amaiurko zure euskara ia ahantzi zitzaizula, munduan barrena ibili ondoren, baina erraten datzut ez adiorik, eta ongi bici!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.