Aurreko astean, Jose Ignacio Wertek, Espainiako Hezkuntza Ministroak, horrelako harribitxia utzi zigun: «0-3 zikloa ez da hezkuntza, kontziliazioa baizik». Hitz iraingarri horien aurrean Werti esan behar diogu ezjakintasun handia erakusten duela ziklo honen inguruan. 0-3 zikloak bere nortasun propioa dauka. Haurren hezkuntzabeharrei erantzuna ematea du helburu, garapen fisikoa, afektiboa, soziala eta intelektuala bermatuz. Ziklo honen ezaugarrien artean haurren arteko ezberdintasunak indargabetze aldera lanketa handia egitea daukagu. Eta, adituen esanetan, haurrak goiz eskolaratzeak emaitza onak dakarzkie helduak direnean. Beraz, jakin beharko luke ziklo honetan heziketa integrala eskaintzen dugula. Berak asistentzialtzat hartzen dituen eginbeharrak hezigarriak dira, eta, horregatik, gure lanaren aitortza soziala aldarrikatzen dugu.
Azpimarratu nahi dugu Espainiatik ezarri nahi den hezkuntza eredua ez dela gurea. Inposizio horien aurrean inoiz baino garrantzitsuagoa da burujabetasuna lortzea eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde urratsak egitea. Horren barnean haur-eskolen eredua irauli eta berrantolaketa bat egitea proposatzen dugu, haurren, gurasoen eta langileen eskubideak batuko dituen eredu hezigarri baten aldeko apustua eginez. 0-3 zikloan eredu berri baten aldeko lana garatzen jarraituko dugu, unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatekoa izan dadin.
Zuzendariari
Agur, Wert; agur, Espainia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu