Zuzendariari

Argituko du egunak

Leire Barrera de Castro
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Argituko du egunak! Hala dio lelo zaharrak. Gau ilunenak direla argia atera baino lehenagoko egunak, diote. Baina egunak argitzeko nahia dugunoi ilunpetan bizitzen ikastea zaila egiten zaigu. Iñigo Cabacas hil da Athleticen garaipena ospatzen ari zela jaso zuen Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Horrela adierazten du buruan zeukan zuloak. Ez, aldiz, hainbat komunikabidek.

Herri honetan egiak hamaika aurpegi du, eta gogorra izaten da gertatzen dena aitortzea. Askotan egiari aurpegirik krudelena ere jantzi behar izaten zaio. Gaur Iñigo Cabacas izan da. Azken bi asteetan, Ertzaintzak Xuban 19 urteko gaztea larriki zauritu du, eta 29 urteko bat hil egin du. Hori da kronika.

Baina horren atzean herri oso baten istorioa dago: estatuko botere judizialak, politikoak, mediatikoak, polizialak... Eta horien erabilpen politikoarekin, herri oso baten egunerokotasuna marrazten saiatzen dira; ikastetxeetan gazteak isilaraziz, errepresaliatuen argazkiak kenduz... Tamalez, Iñigoren heriotzarekin, berriro, agerian geratzen da herria defendatzeko jaioa zena herriarentzat arrotz bihurtu dela. Dimisioak,… eskatu behar dira, noski! Errudunek izen-abizenak dituzte; baina berriz ez gertatzeko gakoa aldaketan dago, eta eraldaketa sozialaren eskutik etorriko da. Herriak merezi duelako.

Jarrai dezagun bidea egiten, aldarrikatzen, oihukatzen eta nahi ez dugunari marra gorriak jartzen. Herria da finen sarrailan sartu gabeko giltza daukana. Xuban, Iñigo… gehiago ez egoteko. Futbolaz, mendiaz, familiaz, lagunaz… gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.