Albiste horixe agertu da egun hauetan gure hiriko prentsa idatzian. Iruditzen zaigu Bilbon duela gutxi Deisy Mendoza haren bikotekide ohiak erail izanak eragin dituen kritikengatik hartu duela egintza horrek ezohiko protagonismoa. Deisyk, ordea, salatua zuen bikotekidea, eta eskatua zuen urruntzeko agindua ere; baina, esan gabe doa, ez da nahikoa izan, berriro ere.
Arriskutsua iruditzen zaigu emakumeei egotzi nahi izatea halako indarkeria egoeretan egotearen errua: batzuei, salatzen ez dutelako; eta beste batzuei, salatuagatik eta indarrean dauden protokolo guztiak baliatuagatik ere ez diotelako Ertzaintzari jakinarazi bikotekideak urratu egiten zuela urruntze agindua.
Indarkeria matxistaren arazoa eta haren erantzukizuna, hain zuzen, hartaz baliatzen direnei dagokie, eta euren geldikeriaz halakoei leku ematen dietenei, eta ez indarkeria jasaten dutenei. Eta emakumeak salaketak jartzera animatzen ahalegintzen diren erakunde publiko horiexen erantzukizuna da halako egoeretan dauden emakumeak babesteko mekanismo eraginkorrak abian jartzea. Salaketa jarriagatik eta halako kasuetarako aurrez ikusitako protokoloa abiarazteko urrats guztiak eginagatik ere erail egiten baldin badute emakume bat, gustatuko litzaiguke erakundeetako erantzuleek eta ordezkari politikoek autokritika zintzo bat egitea, eta ez bere burua zuritu nahi izate negargarri bat —horren lekuko izan gara, zoritxarrez, egunotan—, errua Deisyri egotzita, behar bezain ondo eta azkar ez jakinarazteagatik arazoaren berri.
Erakundeek onartu egin beharko lukete ez direla nahikoak genero indarkeriari dagokionez abian jarri dituzten prebentzio eta babes neurriak, eta, aitzitik porrot egiten ari direla sarri askotan. Beharbada, oraintxe da garaia aztertzeko zerk huts egiten duen, eta eraginkorragoak izango diren bestelako konponbide batzuk proposatzen hasteko, emakumeak biktima eta errudun bihurtzeari utzita.
Zuzendariari
Bikotekideak eraso dion emakume batek ez du eskatuko babes agindua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu