Gogoan daukat ume ginela, Balbino Garitaonandia plazan su bat eta eskultura bat modu ia anonimoan jartzen zirela martxoak 31 egiten zen aldiro. Horixe zen gertakari latz horiek gogorarazteko ekitaldi bakarra. 15 urte dira ez naizela Durangon bizi, eta ez zait han egotea suertatu izan azken urteetako bonbardaketaren urteurreneko oroimen ekitaldietan. Aurten bai, ordea. 2012ko martxoaren 31n, giza hegazkina Kurutziagan danbor hotsez sartu zenetik, oilo azalez egin nuen Andra Mariara arteko bidea. Hegazkinen etorrerak ekarriko zuen beldurra neure sentitu nuen: umezurtz izan nintzen Santa Susanan, bonbardaketa osteko hauts eta ke artean hurkoen bila; zaparro zeharkalean barrena, ikaratuta zerura begira; heldu izutua, gorpu multzoaren ondoan pasatzean San Agustinalden; andrazko iraindua Nevers-en. Zenbat sentipen antzezpen batek, dantza saio batek! Antolatutako ekitaldiak jazoerak geure azalean bizitakoak balira legez sentiarazi zizkidaten, baina, gainera, bere testuinguruan ezarrita. Zer ekarri zuen gerra osteko inpunitateak, faxismoak. Goraipatzekoa Neverseko andrazkoen kartzela eta hango jazoerak bereziki lantzea, han sufritutako gehienak durangar izan ez eta hamarkada luzeetan ezagutu ez ditugunak plazaratu zirelako.
Eskerrak, Zilar Asteko ekitaldiak antolatzen parte hartu duzuen guztiei. Eskerrak, 1936ko martxoaren 31ko durangar sentiarazi ninduzuelako. Baziren, bagara, memoria da lotura, ezin dugu ahaztu eta ez dugu ahaztu nahi.
Zuzendariari
Durango, martxoak 31
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu