Zuzendariari

ELA eta LABen greba

Zarautz.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hausnarketa sakona egin ostean, lanera joatea erabaki dut. Badirudi bi sindikatu horiek ez dituztela Martxoaren 29ko greba egunaren arrakastak utzi zizkigun irakaspenak aztertu. Erabateko atxikimendua izan zuen, lau sindikatu nagusiek deitu zutelako; oraingoan, berriz, ELAk eta LABek ez dute inolako borondaterik azaldu UGT eta CCOOrekin batera joateko.

Zinez, bitxia iruditzen zait bi sindikatu horiek darabilten estrategia Rajoyren gobernuaren murrizketen aurka egiteko: dirudienez, hobe da langileen indarrak zatitzea biltzea baino. Ez dut ulertzen zatiketa horren nondik norakoa; izan ere, murrizketek berdin jotzen dute langile guztien kontra: nola liteke PPk ezarri nahi duen eredu neoliberal bihozgabearen aurkako borrokan barrikadaren alde berean egon behar luketen lau sindikatuek euren indarrak zatitu nahi izatea? Pozik egongo da Confebask.

Bukatzeko, gauza pare bat esan nahi nieke ELAkoei: aldebakarreko deialdi zatikatzailea koherentziaren barruan ulertu behar bada, koherentzia berbera eskatu nahi nieke Bilduk agintzen duen erakundeetan egin dituzten murrizketak salatzeko. Ez dira gutxi: lanpostuen amortizazioa, Elkarkidetza kendu izana, haur eskolen eta ludoteken itxiera, lan baldintzen prekarizazioa... Eta Rajoyren argudio berbera erabili: ezinbestekoak direla. Eta bigarren gauza: noiz ausartuko dira salatzera LABen jarrera otzana Bilduren patronalarekiko? Ez ote dute inoiz ezer esan behar Bilduren patronalak egindako murrizketak babesten dituen sindikatuaren kontra?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.