Zuzendariari

Elkartasuna eta maitasuna Lekunberrin

Mikel Hernandorena.
Lekunberri.
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Corpus Hernandorenaren gorpua agertu zenetik egun batzuk igaro ondoren, une zail hauetan sendiari eskainitako adore, laguntza eta lanagatik, publikoki eskerrak eman nahi dizkizuegu gugana bildu zareten guztiei. Oso egun gogorrak izan dira. Eta egun hauetan jaso dugun giza laguntzaren beroa behin betiko geratuko da gure bihotzetan: alde batetik, boluntarioek eta Lekunberriko, Larraungo zein beste hainbeste tokitako bizilagunek eskaini digutena; beste aldetik, suhiltzaileek eta Gizarte Babeseko kideek profesionaltasun handiz agertu digutena. Maite zuena egiten joan zaigu gure senide maitea. Hura ez zen ohean hiltzekoa, eta ohi zuena egiten agurtu gaitu guztiok: larreetan eta mendian barna ibiltzen. Mendian aurkitu izanak bakea eta lasaitasuna ekarri du bai etxera, bai herrira.

Zuri, Corpus maitea, hitz xume hauek eskaini nahi dizkizugu. Zergatik? Luzez bizi izan zarelako Bizitzak eskaintzen digun Jakinduriaren iturritik edaten; azken egun arte elkar maite duen sendia izan duzulako. Aldi berean, herri menderakaitz eta solidario baten partaide izan zarelako, zu bilatzeko ahaleginean eta zuri azken agurra ematerakoan bat egin duen herri baten partaide. Lortu zenuen pozik bizitzea eta senide guztiak alaitzea. Horregatik guztiagatik, jaso gure eskerrik sentikorrena.

Beti izango zaitugu gogoan, asko eman diguzulako, asko maitatu eta asko irakatsi. Eskerrik asko, Aita!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.