Bi gizon elkarrekin ezkon daitezke eta bi emakumek haurrak adopta ditzakete (Hegoaldean behinik behin, eta oraingoz). Baina bi maritxuk ezin dute euskal dantzez lasai gozatu.
Donostiako Konstituzio plaza. Abuztuaren 15a. Erdizka Lauetan taldeak dantza saioa eskaini zuen gau partean. Han joan ginen biok mutxikoak, polkak eta gainontzekoak dantzatzeko asmoz. Zazpi Jauziekin batera iritsi ginen, eta arazorik gabe egin genuen dantza (bakarkako dantza denez, dena normal, heteronormaren barruan…).
Baina bikotekako lehen dantzarekin iritsi ziren arazoak. Gu biok prest eta urduri lehen doinuen zain, eta hara non etorri zitzaizkigun bi emakume; batak bikotekidea trukatzeko iradoki zigun, eta gure ezezkoaren ondoren, besteak garbi azaldu zuen bere iritzia: «Mutilak mutilekin ez dago ongi». Parranda erdian muturrak luze eta lumak zorrotz ipini behar izan genituen haiek isilarazteko.
Dantzan jarraitzeko indarrak bildu, eta zapla bigarren erasoa. Ilaran-ilaran bikoteak behin eta berriz aldatzen diren dantza horietakoa zen oraingoan. Hala ari ginela, gu biotako bati iskin egin zioten eta dantzako borobiletik kanpo geratu zen. Norena izan zen mespretxua ordea? Antza denez, beste gizon batekin dantzarik egin nahi ez zuen benetako gizaseme batena.Begirada pozoitua bota eta dantzarako eskua ukatu zion: hitzik gabeko belarrondokoa.
Amorruak erraiak janda alde egin genuen aldameneko terrazara eskutitz hau idazten hasteko. Nola iraul dezakegu behin baino gehiagotan jasaten dugun egoera hau? (Baigorrin, Elizondon…) Izan ere, askotan, eraso homofoboak egiteko, ez baita behar izaten irain bortitzik edo indarkeria fisikorik.
Denona da ardura. Plazako euskal dantzetan ere bada garaia aniztasunaren betaurrekoak janzteko. Gidatutako plaza dantzetan, zergatik errepikatzen digute «neska-mutil» bikoteak osatzeko? Ez da, ba, asko kostatzen «bi laguneko» bikoteak egiteko esatea!
Dantzazale zaren horrek, har ezazu zeure gain ere plazetan aniztasuna izateko ardura! Dantzak gidatzen ari zenari hiruzpalauk esan bagenio neska-mutil bikotea ez zela termino egokia, agian, apika eta beharbada, gure erasotzaileek beste jarrera bat izango zuten.
Kultur programazioa erabakitzen duzuen horiek, egin ezazue berdin! Euskararen, zaborraren eta abarren inguruko irizpideak bermatzeko egiten dituzuen ahaleginei gehitu iezaiozue aniztasun trataerarena! Kontratatu zenuten taldeari aniztasunaren inguruko irizpideak eman izan bazenizkiote, agian, apika eta beharbada, gure erasotzaileek bestela erreakzionatuko zuten.
Jantzi itzazu aniztasunaren betaurrekoak eta ekin dantzari!
Zuzendariari
Eraso homofoboekin dantzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu