Zuzendariari

Erlijioaren aurkako gorrotoa nork bultzatzen du?

2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Pussy Riot Errusiako punk taldeko hiru kideei bi urteko kartzela zigorra ezarri diete, Moskuko Kristo Salbatzailearen katedralean, Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka aritzeagatik beraien kantuetan. Sinestun ortodoxoei sortutako kalteengatik zigortu ditu hiru musikariak Errusiako epaile batek.

Baina zeintzuk dira Eliza ortodoxoari benetako kalteak sortzen dizkietenak? Hori da egin beharreko galdera. Epaia jakinarazi zen egun berean, Moskun auto-istripu bat izan zen. 26 urte dituen Ilia izeneko apaiz ortodoxo batek gidatzen zuen Gelandewagen Mercedes markako autoak, bidean lanean ari ziren bi hargin harrapatu eta hil zituen. Berehala galdera batzuk agertzen dira. Ibilgailu hori identifikatzeko zenbakia AM77 ordezkoa zen. Zehatzago esango genuke mafiarena dela. Zenbaki tipo horiek Gobernuarenak dira, baina milaka euro batzuen truke, Poliziak edozeini saltzen dizkio. Zenbaki horiek bide librea irekitzen diete euren jabeei. Autoan bidea egiterakoan, ez bakarrik jainkoari, baita zenbaki liluragarri horri ere bere fede osoa ezarri zion Ilia apezak.

Beste galdera bat. Koroa jasotzerakoan bere ondasun guztia Eliza ortodoxoari eman zion 26 urteko apez gazteak nola eskuratu zuen 40.000 euroko autoa? Moskuko auzune dirudunetan dagoen Kutuzovsko etorbidean izan zen istripua. Istripua izan bezain laster, hilzorian eta zaurituta zeudenei azken igurtzia eman gabe ihes egin zuen elizgizonak.

Etxebizitzan segada antolatu zion Poliziak, baina apez gaztea ez zen agertu. Egun batzuen ostean bere burua aurkeztu zuen Errusiako Poliziaren aurrean. Moskun, apez ortodoxoek gidatutako Mercedes, BMW edo atzerritik inportaturiko autoen istripuak ugaritzen ari dira.

Uztailaren 31n Timofei apezak gidatzen zuen BMW markako autoak beste auto batzuk jo zituen. Haren autoak zeraman ordezko zenbaki diplomatikoa bezalakoak salgai dira Errusian. Lekukotasunen arabera, Timofei mozkortuta zegoen: berinako begiak zituela diote. Apezak uko egin dio alkohol kontrola egiteari.

Zirilok, Errusiako AEiza ortodoxoaren patriarkak, blindaturiko Mercedes auto batean bidaiatzen du. Herriko erlijioa maite duenak atzerriko teknologia nahiago du. Breguet erlojuak ere maite ditu. Patriarka eserita azaltzen den argazki batean, haren erlojua ezabatu zuen Elizaren zentsurak. Baina mahaiko bernizak islatzen zuen erlojuaren irudia ezabatzea ahaztu egin zitzaien. Harrezkero, Zirilok, Mercedes markako autoak eta Breguet erlojuak maite dituela dakigu guztiok.

Beste bekatu bat ere badauka Zirilok: guztiaren gainetik boterea maite du. Horregatik, Putinen alde azaldu zen presidentetzerako azken hauteskundeetan. Nire auzuneko eliza barruan Putinen eta Lujkoven ikonoak zintzilikatu dira. Lujkov Moskuko alkate ohia da. Milaka milioi dolar ostu ostean ihes egin zuen Londresera, Errusiako beste hainbat oligarkak bezala.

Putin eta Lujkoven argazkiak dauden leku hori ez da santutegia, infernua baizik. Hortik deabrua kanpora dezan Pussy Riot abeslari taldeak.Eliza ortodoxoaren santua exorziza ezazue, neskato maiteok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.