Hirugarren aldiz-edo ikusi dut ja Donostian, bestela hagitz estimatzen dudan Ander Lipusen, bufoiaren emanaldia. Eta hiruretan ikaragarri haserretu. Ikusiz, gure bufoiak egiten duen espainolaren erabilera etengabea, itxuraz euskarazkoa den emanaldi batean.
Atal oso bat egingo du espainolez, argentinarra delakoan —txinatar ailedi—, eta egindako beste pertsonaia guztietan erabiliko du espainola bere mintzoaren grazia eta ezten.
Ez du sketch atal bakarra burutuko espainolezko bi, hiru edo hamabost esaldi eta madarikazio adierazkorrenak erabili gabe. Eta bakoitzak sekulako barre algara eragingo du entzuleotan. Eta zenbat eta espainol gehiago, barre gehiago. Eta ez dakit zer den okerrago.
Edota hemen ere espainola sartu nahi digute ipurtzulotik, oraintxe ja «euskarazko» makina emanalditan bezala (ETB1…). Edota ez gara gauza euskaraz barre eragiteko. (Baina bai, ez? Proba egingo?)
Ez dakidana da ere, nola prestatzen den LANKU antolatzailea, edota hainbat bertsolari estimatu ere (ez dakit bertsolari elkartea bera), espainolari halako autobidea irekitzen gure artean —jendea euskarazko emanaldiak ikustera goazenetan ere—. Bestela nahikoa errepide ez bagenu bezala jada espainolek eraikiak. Troiako zaldi sarrera iruditzen zait beti.
Zuzendariari
Erregea eta bufoia, espainolez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu