Zuzendariari
Euskal pilota
Umetan enparantzako arkupeetan txandaka aritzen ginen pilotan. Inork ez zuen inor baztertzen. Horrelaxe erakutsi ziguten aurrekoek, eta horrela egiten genuen. Orduan, ezer gutxi genekien parte hartzeaz, baina guztiok hartzen genuen parte. Ezer gutxi genekien politikaz, baina elkar hartzen genuen. Ezer gutxi genekien demokraziaz, baina elkar errespetatzen genuen. Geuk aukeratzen genuen gustuko pilota. Geuk erabakitzen genuen norekin jolastu. Orduan ikasi genuen pilotan txukun egiteko ezkerra ondo erabiltzea ezinbestekoa zela eskumari irabazteko. Koskortzen joan ginen, eta jolasak joko itxura hartu zuen. Inposatutako arauek pilotalekuaren motz eta luzeren arteko lerroetan bizi izatera mugatu gintuzten, eta gustuko pilota aukeratzeko abagunea ere galdu genuen. Geroztik, eskuma baino erabiltzen ez duten mandatariek aukeratutako erdipurdiko pilota motelak baino ez ditugu aukeran izan. Ezin gara pilotaren jabeari begira egon. Herri honek pilotari oso onak izan ditu, arerioaren aurrean duintasuna erakusteko prest egon direnak, tantoa aldez aurretik inoiz galdutzat hartu ez dutenak. Horrelakoak behar ditugu. Ondorengoei erakutsi behar diegu oraingo joko motelak herri honen geroa galbidera eramango duela. Ea asmatzen dugun ezkertiarrok eta euskaldunok indarra metatzen, eta euskal pilota gogor astintzen. Unea da txandaka aritzeko, ilusioa pizteko, eta saskian urte askotan preso dituzten pilotari onenetakoak berriro pilotalekuetan ikusteko. Horretarako joko ona erakutsi behar dugu: zabalera, txokora, atzera, aurrera, bildu euskal herritarrok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu