Irailaren 11n Altsasuko EHEko bi kide epaituak izango gara. Epaituak euskaraz bizi nahi izateagatik? Euskarak jasaten duen zapalkuntza azaleratu nahi izateagatik? Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan, eta horren adierazleetako bat Euskal Herriko paisaia linguistikoa dugu. Mendeetan espainiar zein frantziar estatuek gurea asimilatu nahi izan dute, eta arlo askotan lortu ere egin dute.
Beraien hizkuntzak oso errotuak ditugu, eta, egun, ez zaigu oso arrotza egiten espainola zein frantsesa edonon ikusi edota entzutea. Baina horiek al dira gure hizkuntzak? Horiek al dira Euskal Herriarentzat nahi ditugun hizkuntzak?
Borroka horretan, azaroan paisaia linguistiko euskalduna aldarrikatzera atera, eta identifikatuak izan ginen. Foruzainekin euskaraz aritu ginen, baina beraiek ez zuten hori oso gustukoa izan, eta, horren harira, isunak iristen hasi ziren; 300 euro euskaraz egiteagatik, eta 6.000 seinaleak ezabatzeagatik. Lehenengoa bertan behera geratu zen, eta bigarrena ordaintzeko gureak ikusi genituen, oraindik zorrak ditugularik. Seinaleengatik 6.000 euro ordaintzeaz gain, epaiketara ere deituak izan gara. Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizitzen saiatzen gara eta euskarak jasaten dituen zapalkuntza eta erasoak salatzen jarraituko dugu. Euskal Herri euskaldun eta burujabe batean sinesten dugu, eta hori eraikitzeko bidean guztiok dugun ardura gogorarazi nahi dizuegu.
Zuzendariari
Euskaraz bizi nahiari epaiketarik ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu