Horixe da, alegia, gutun hau idatzi bitartean, eskuan daukadan esne katiluan irakur dezakedan leloa.
Publizitatearen kontuak, jakin badakigu. Publizitateak edozein euskarri erabili ohi du haien kontsignak kontsumitzaileei helarazteko, direla afixak, kamisetak, katiluak… Baina euskaraz eta euskaldunontzat badira, gaitzerdi, gusturago hartzen ditugu proposamen horiek.
Horrexegatik, hain zuzen,asteburu errea hasi orduko katilu bat ur hotz gainera ixuri balitzait bezala hartu nuen albistea. Izan ere, Euskal Herriko Esnea Kooperatibak bere produktuak merkatuan ofizialki aurkeztu zituenean, beste lehiakide batek (zeinak orain arte nire konfiantza osoaz gozatu duen) salaketa jarri dio. Zergatik eta... zalantzazko kalitateagatik? Ez; jatorria ez ziurtatzeagatik? Ez. Zergatik eta kooperatiba berriak bere produktuei etiketa euskara hutsean jartzeagatik! Hau eromena!
Salaketa estatuko beste edozein enpresatatik etorri izan balitz, ulergarria izan zitekeen, Euskal Herrian ohituta baikaude kolore horretako pasadizoez. Baina Kaikuri ezin diogu hori onartu, Kaiku eta ez beste inor izan baita salataria.
«Euskaraz malaletxerik ez badago, zergatik zaude malaletxean?», katiluan berriro.
Ditxosozko katiluari (Kaiku-ren kanpainakoari, alegia) begiratu diot, eta neure buruari zera galdetu diot :
Ba al dago zoritxarreko salaketa hura baino malaletxe handiagorik?
Zuzendariari
«Euskaraz malaletxerik ez badago, zergatik zaude malaletxean?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu