Ikasleok nazkatuta gaude hezkuntza sistema kapitalista eta merkantilista honekin. Erreforma onartezin eta injustu hauen aurrean borrokatzeko prest gaude. Badakigu irakasleek ere pairatu dituzuela Joxe Iñaxio Werten mozketen ondorioak.
Bilboko Ingeniaritza eskolako 40 bat gazte, gaurko ikasle greba eztabaidatzeko asanbladara agertu ginen astelehenean, gure ideiak eta iritziak ikaskideei zabaltzeko asmoz.
Bat-batean, eskolako zuzendari-ordea eta zaindaria agertu ziren, ikasleak unibertsitateko patioan elkartzea debekatuta zegoela esanaz, eta lekutik joateko gonbita egin ziguten.
Noiztik bota ditzake EHUko unibertsitateak bakean eztabaidatzen dauden ikasleak? Ez da ikasten iritziak entzunaz? Ezin al dugu hezkuntza sistema hobeago bat aldarrikatu?
Unibertsitatea ikasleku bat baino gehiago dela sinesten dugu, hezteko leku bat; bizitzeko era bat. Beste batzuek, aldiz, ikasle zintzo eta isilez beteriko leku bat amesten dute. Hezkuntza pribatizatu gura duzue, sistema kapitalistara egokitu. Matrikula tasak igo, bekak murriztu, hezkuntzarako aurrekontuak jaitsi, ikasgeletako ratioa igoarazi, euskarako materiala erdarakoa baino urriagoa da… Asko dira arrazoiak.
Asko gara ikasleak; desberdinak bai, baina denok etorkizun hobe bat amesten dugu. hezkuntza sistema publiko eta herrikoi bat amesten dugu. Zuek, aldiz, gu entzun ez eta baztertu egiten gaituzue. Entzuteko modu bakarra greba egitea da.
Zuzendariari
Ez al gara ikasleok unibertsitatearen arima?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu