Zuzendariari

Ez dugu botoa emateko aukerarik

Emerita Cuellar.
ELA-Immigrazioa.
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
EAEko hauteskundeek berriro plazaratzen digute Estatuko nazionalitaterik gabeko pertsonek (EBko zein beste estatuetako izanda ere) botoa emateko aukerarik eza. Igaro da beste legealdi bat, eta ez da urratsik egin eskubide honen aitortzarako. Beraz, hauteskundeak berriro baliatu behar ditugu eskubide hori aldarrikatzeko.

Bi gauza izan behar dira kontuan, eskubidea zergatik mugatzen den ulertzeko. Batetik, Atzerritarren Legeak ezartzen dituen murrizketak: immigrante askori bozkatzea galarazten die, jatorriko herrialdeekiko akordiorik ez bada sinatu. Bestetik, egoera hau aldatzeko borondate politikorik ez dago.

Bozkatzeko eskubidea pribilegio bihurtzen da 151.162 atzerritarrentzat, EAEn erroldatuta dagoen biztanleriaren %7arentzat. Herri honetan bizi, lan egin eta zergak ordaindu arren, ez zaie eskubiderik aitortzen nork aginduko dien erabakitzeko.

Krisi ekonomikoa kudeatzeko moduak eta murrizketa sozial eta laboralek eragiten dieten haserrea adierazteko aukera estali egiten du eskubide demokratiko hau ukatzeak; haatik, horrek guztiak zuzenean egiten die kalte, gizartetik baztertuta geratzen ari baitira asko.

Egoera hau aldatzeko modua legoke bozkatzeko eskubidea, demokraziaren oinarrian dagoen eskubidea, balute. ELAk uste du erakundeei eta, bereziki, klase politikoari eskatu behar zaiola aldarrikapenen artean aintzat hartzea immigranteentzako boto eskubidea. Izan ere, eskubideak urratzen diren lekuetan demokrazia osatu gabea, eskasa bihurtzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.