Zuzendariari

Gabeziak Nafarroako liburutegi publikoan

Koldo Colomo.
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako gobernuak dituen estatistiken arabera, Nafarroako hiritarrok kulturarekiko interes falta itzela dugu. Baina Kultura kudeatzaileek kulturan interesa dute? Are gehiago, hiritarrengan interesa dute?

Zoritxarrez liburutegiko erabiltzaileok eta ziur aski langileok ere pairatu behar dugu liburutegiko funtzionamendu egokiari dagokionez arduradunek duten interes falta. Duela 25 urte euskararen legea demokratikoki onartu bazen ere, egun ezin da euskaraz hitz egin Nafarroako liburutegian. Hona hemen zer gertatu zitzaidan orain dela hilabete bat: XX. mende hasierako artikulu baten kopia egin nahi nuen nire argazki makinarekin, eta esan zidaten ezin zela egin eta beraiek eginen zidatela. Orduan jakin nuen kopia-orri bakoitza euro batean ateratzen zela, hau da, 22 orriko artikulu batengatik 30 euro baino gehiago ordaindu behar nituela. Nonbait langileen artean ardura hori inori eman ez zaionez, enpresa pribatu batek egin behar izaten du, eta horregatik da hain garestia. Kexa bat jartzea otu zitzaidan. Erdaraz jartzea aholkatu zidaten, horrek erantzuna jasotzeko prozesua azkartzen omen baitu. Erantzuteko denbora nahikoa pasa bada ere, oraindik ez dut jaso erantzunik. Dudarik gabe, Nafarroako liburutegi publikoan erabiltzaileekiko interes falta itzela dago. Lotsagarria da, benetan, liburutegian dagoen arreta-kalitate falta, eta nafarrok ez dugu merezi. Errekurtsoen optimizazioaren kontzeptua hainbeste aldiz entzun dugun krisi garai hauetan, liburutegiko arduradunei euren jokabideagatik erantzukizuna eskatzea espero dut. Bere lanean eraginkorrak ez badira beste buru batzuk jar ditzatela, bederen lan eraginkorra egiteko gaitasuna dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.