Fernando Alonso, Nadal, futbol selekzioa... Ez dago dudarik, kirol arloan, espainolek harro sentitzeko motiborik badute. Eskubaloia, errugbia, futbol selekzioa... frantziarrek izan duten gisa berean. Euskal Herriko gizartea makina bat alditan agertu da bere selekzioaren alde; kirolariek ere beren atxikimendua erakutsi dute eskatu zaien aldiro. Behin baino gehiagotan entzun diegu kirol federazioetako arduradunei hau esaten: «...legeak aldatzen ez diren bitartean, guk federazioetatik ezin dugu ezer egin...». Hori gezur hutsa dela adierazi nahi dugu. Hor ditugu surf, wushu-kung fu, sambo eta beste kirol batzuetan jorratutako adibideak. Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna lortzea denon eginkizuna da: gizartea, instituzioak, kirol federazioak, kirolariak, komunikabideak... Aurtengo ESAITen Mendi Martxaren leloak (Aitzakiarik ez, konpromisoen garaia da. Euskal Herriko Selekzioak orain) horixe adierazi nahi du, hots, aitzakia merkeak alde batera utziz ea behingoz denok ofizialtasunaren bidean konprometitzeko gai garen. Guk geure bideari eutsiz, hamabigarrenez, Bidaxunetik abiatu eta Donostiarainoko ibilbidea jorratuko dugu.
Oporretan ere, ESAITeko Mendi Martxak aukera paregabea eskaintzen digu gozamena eta aldarrikapena uztartzeko. Euskal Herriko paraje zoragarriez gozatzearekin batera Euskal Herriko selekzioen aldeko mezua zabaltzen lagundu.
Uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 4a bitartean, ESAITeko Mendi Martxan aurkituko gaituzue.
Zuzendariari
Gora Euskal Herriko selekzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu