Gerra itzela daukagu kontu horrekin zein besteekin.
Oilar borroka, norberekeria, gorrotoa eta elkarrekin ezer ezin eraikitzea zein eraikia guztiz suntsitzea ederto azaldu zuen Joan Mari Irigoienek Babilonia eleberri ederrean. Baina euskaldunok jakin beharko genuke, gure artean izaera zein iritzi oso ezberdinak izan arren, aurrera egiten eta gure herria, Euskal Herria aurrera ateratzen. Eta egunkari hau ezinbestekoa dugu horretarako. Bere argitalpena euskaldunontzat altxor aparta da, beraz, ezelan ere galdu beharko ez genukeena.
Aspaldion bere orrietatik nire arreta osoa bereganatu duten iritziei buruz hitz bi esan gura izango nituzke oraingo honetan, horretarako modurik badut, zeren oraintsura arte kontakizunaz eta abarrez (Hirudian) izandako eztabaida gogorrak guztiz harrapatua izan bainau (egiaren bilako thriller autentikoa balitz moduan), eta uztailaren 8ko azaleko beste hitz batzuek ere zeharo harritu naute; Jose Luis Ansorena musikografoa: «Rockarekiko zaletasuna benetako zoritxarra da». Bada nik, egia esateko, kontrakoa esan behar dut, zeren adibidez AC/DCren You Shook Me All Night Long edo Hells Bells eta abar gozatzea niri bizitzak eman didan plazerik handienetakoa baita eta gaur egungo euskal talde batzuekin ere ikaragarri gozatzen baitut: Hesian, Esne Beltza, Gatibu, Ken Zazpi, Kauta, Nahixan, Ze Esatek, Etxe (bakarlaria)… horiek denak eta gehiago euskaldunon artea ez eze bizinahi eta bizipozaren erakusgarri bikainak ere badirela. Zeren ondo daude kontu edo kantu zaharrak, baina berriak ere behar ditugu ezinbestez. Eta hor dugu gazte jendea ere arte itzelaz, zein literaturan, zein musikan, zein beste edozertan inoiz baino indartsuago eta askorentzat guztiz ikusezin, ETB1eko platoak atzerriko rantxerez betetzen diren bitartean.
Eta euskal gatazkaz zer esaten jarraitu, betiko kontakizunaren itzulinguruan ari garela, euskaldunok gehiago hondatzeko eta zigortzeko, legeak gure alde barik gure kontra egiten dira, gure sortzaileak ikusezin dira, euskararik ia ez da entzuten (horra hor kale inkesten emaitzak, eta etxe barruan kontuak berdin edo txarrago), euskarak inguru batzuetan zoro batzuen kontua baino ez dirudi, korrontearen aurka eginahalak egin dabiltzanena, beste batzuek aintzina amore eman zutelako, pelikulako txarrak, itsusiak, arraroak eta galtzaileak barik, onak, jatorrak, integratuak, maitagarriak eta garaileak izan gura izateagatik. Ze begiratu esaterako zelan amaitu zuten infernukoak baino gaiztoagoak ziren pelikuletako indio itsusi hareek, dena kendu zieten, euren lurraldea eta bizimodu zein bizitza osoa betiko. Eta gaur egunean gainera, lapurreta, desjabetze zein kontakizunaz jarraitzeko, pelikula haien egileen ondorengoek Azken mohikanoa modukoez negozioa egiten jarraituz, New York eta abarretako turistentzako opari denda dotoreetan gozoki kaxak saltzen dituzte, aintzinako infernuko gerlari haien lumaz jantzitako burua gozoki kaxaren azalean dela.
Zuzendariari
Gure kontakizunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu