Argi dago aniztasunaren garaia den honetan elkarbizitzen ikasi behar dugula, bakean eta errespetuz. Eta horren harira, ez ditut Lakuan bildu ziren guardia zibilak ahaztu nahi. Txaranga eta guzti bildu ziren Espainiako himnoa eta hainbat pasodoble interpretatuz. Hau festa! Baina kexu ziren, kexu mehatxaturik sentitzen direlako eta gorrotoa sumatzen dutelako. ETAren erabakiaren ostean, ez omen dute benetako bakea sentitzen eta izuak barrua hartu die. Hori gutxi balitz, kuartelaren parean maletak topatu zituzten eta lur jota daude.
Baina nolatan ez gara egoeraz jabetu? Gizajoak! Hausnar dezagun… Galdetuko al diegu preso eraman zituzten haien senideei zer sentitu zuten Guardia Zibila beraien etxeetan sartu zenean irainka, bazterrak hankagora jarriz, intimitatea modu bortitzenean urratuz… edo orduak bide bazterrean eman dituzten haiei metraileta baten aurrealdean kontrola dela eta; edo are hobeto, galdetuko al diegu oro har euskal herritarrei? Zer sentitu duzue zuek? Maitasuna, errespetua, samurtasuna,…
Haiek paquito el chocolatero- ren doinuak dantzatuz egin dute errespetuaren eskaria eta geuk ere egingo dugu geurea, baina geure doinua dantzatuz. Izan ere, bada garaia geure eskaria kontuan hartzeko. Baina tira, ez zaitezte uste txarrekoak izan, maletak zeuen piper-potiak txukun-txukun eta maitasun handiz garbitu eta lixatu ostean gordetzeko baitziren. Itxura txarra egiten baitu besteen etxean zapatilak kendu gabe hankak mahai gainean jartzeak.
Zuzendariari
Hator hator etxera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu