Zuzendariari
Haurdunaldi luzeegia
Otsailaren 22an jaio zan Sare, gure bigarren umea. Gauak luzeagoak dira orain, batez ere amarentzat. Aitari, niri, goizak egin zaizkit luzeen umea jaio osteko lehen aste honetan. Paperak eskuratzen pasatu dut astea. Egin beharreko urrats guztiak euskaraz egitea erabaki nuen. Lehenengo zita Barakaldon, umea hango epaitegian erregistratzeko. Harreran neska euskaldun bat. Fenomeno. Bigarren geralekua, Bilboko udaletxean. Errolda agiriarekin atera behar nintzen handik. Neska polit batek hartu ninduen. Euskara ez zuen hain polita, ostera. Nekez lortu genuen komunikatzea; baina, tira, irribarre batez eskertu nion ahalegina. Handik gizarte segurantzako bulegoetara, diru laguntzen inprimakien bila. Han, emakume batek, «buenos días» lehor batekin agurtu ninduen. Ni euskaraz hasi nintzaion, eta bera urduri jarri zen. Ez zen gai esaldi duin bat osatzeko; saiatu zen, baina. Eguneko bigarren irribarrea opari. Handik atera, eta umearen osasun txartelaren bila. Beste andre bat, erderaz aritu zitzaidan. Nik, ea euskeraz zekien, berak «venga, lo intento» makur bat. Eskurik ez balu, ez nion ezer ulertuko. Keinuen hizkuntzekin mundu guztian zehar ibil daitekeela demostratu genuen. Azken geltokia, osasun etxea. Harreran, «euskaraz badakigu» deigarri bat. Nik, «egun on, jaio barri dan u….», berak «ehh.. lo siento es que las de euskera no están ahora». Diooooooooooooos!!!! Erderara makurtu behar, azkenean, bidea egiten kostatu zaidanarekin. Ondorioa: Administrazioa euskalduntzeko hazia aspaldi jarri ei zuten, baina haurdunaldia luze jotzen ari da, luzeegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu