Zuzendariari

Heliportua etxeko teilatuan

Eneko Oiartzabal
Hondarribia.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zalaparta handirik gabe igaro dira estatuko azpiegituren inguruko datuak hiritar ikus-entzuleon muturren aurretik. Harritzekoa, izan ere, espainiar estatua mundu mailan punta-puntakoa dela erakutsi baitigute datuok: lehenak aireportu kopuruan, lehenak AHTaren kilometro kopuruan... Nolatan ez dira azaldu gobernariak beren buruak laudorioz betetzera? Prentsaurrekoz prentsaurreko merituak berenganatzera? Harritzekoa benetan!

Hemen ere ez gara motz geratzen. Mutur batetik bestera 200 km-ra iristen ez den herri honetan bost aireportu, autobide andana, AHT sarea azoka egunean ezkiotarrak zibilizaziora hurbildu ahal daitezen, portu erraldoiak Bilbon eta Baionan... eta, jakina, Gipuzkoan beste baten beharrez. Laster Gasteizek ere berea aldarrikatuko du Zuhatzako uhartean!

Hala ere, ekonomiarentzat hain ezinbestekoak diren azpiegituretan puntakoak izateak ez gaitu krisialditik salbatu. Posible ote? Hain «aurreratuak» izan eta krisiak geu jotzea ere! Ez dut jakin nahi, orduan, alemaniarrak jasaten ariko direnaz! Gurekin alderatuta hain «atzeratuta» dabiltza!

Beraz, sakon hausnartu dut, eta ondorioa argia da: azpiegitura gehiago behar ditugu. Eta hona bi proposamen:

1.- Heliportuak etxe eta eraikin guztietan. Gogorra baita edonora joateko bus geltokian itxaron beharra, eta gero zirkulazio jasanezina!

2.- AHT geltokiak etxe-atari guztietan, ekaitza egiten duenerako. Zeruak arriskutsu jartzen baitira helikopteroentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.