Zuzendariari

Hitano ortopedikoa

Eneko Haritza Garaialde.
Hondarribia.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Mikel Gorbeian zebilen egun eder batez gozatzen, txango bat egitera joanda. Askotan joaten baitzen inguru hartara, bertako artzain bat ezagutzen zuen. Portugaletekoa eta euskaldun berria izaki, euskaraz egiteko aukera guztiak baliatzen zituen, eta artzaina ikusi orduko, han abiatzen zen solasaldia egitera.

Egun hartan, artzainak esan zion arraroa egiten zitzaiola berekin zuka egitea, adin paretsukoak izanik. Mikel beso bat falta balu bezala sentitu zen. Hitano ikastaro batean izena eman, eta, irakasleak arrazoiaz galdetzean, honelaxe esan zion: «Euskarak hitanoa galtzea norberak besoa galtzea bezalakoa duk, Eneko: mingarria duk; zerbaiten faltan gaudek, eta gainera ez diagu behar adinako mugimendu gaitasunik. Behin besoa galduta, maingu geldi gaitezkek, edo beso ortopediko edo mekaniko bat jar zezakeagu. Ez duk polita izango, eta trakets ibiliko gaituk hasieran, geure mugimenduak ez dituk naturalak izango. Baina eragin ahala, besoak erabilgarritasuna hartuko dik, gorputzak berezkoa balu bezala sentitu arte». Hitanorik gabe molda gaitezke euskaraz, maingu bat bere gauzak egiteko moldatzen den bezala. Baina abilagoak izango gara baliabide gehiago ditugunean. Euskarak adierazkortasunean eta eraginkortasunean irabaziko du.



ZUZENKETA: Atzoko alean Kerobia taldearen argazki bat azaldu zen, sinatu gabe, 38. orrian. Irudi hori Igor Zalbidearena da, eta Creative Commons lizentziapean dago. Barkamenak egileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.