Bilboko Udala azken urteotan gogor dabil espazio publikoetako segurtasun arauekin. Azkenetako bat Kafe Antzokiari foroa murriztea izan zen, ia erdira jaitsiz, argudiatuz lehen onartutako jende kopuruarekin nekez egin litekeela ebakuazio arin bat, larrialdiren bat egonez gero.
Hori gertatu ondoren ez dakit zer pentsatu Iberdrola Dorreaz. Haren ondotik pasatzen den jende askok, seguruenik, dagoeneko galdera bera egin dio bere buruari: nola onartu da horrelako proiektu bat, segurtasun arau guztien kontra erabat dagoela dirudiena?
Adibide bat jar dezagun. Arriaga antzokiak 1.740 eserleku inguru dauzka, eta bertatik irteteko, guztira, 23 ate baino gehiago daude, 9na albo bakoitzean eta 5 baino gehiago aurrean (larrialdiko irteerak barne). Atzealdeko ateak zenbatuko bagenitu, guztira 30 ate baino gehiago ditu.
Iberdrola Dorrean, ordea, sarrera nagusian 3 ate baino ez daude, eta alboetan larrialdiko 3na ate txiki-txikiak. Hau da, ateen zabalera guztiak neurtuta, Arriagan baino%80 gutxiago. Eta, oker ez banago, 1.740 langilek baino gehiagok egingo du lan hortxe!
Eraikin honetan zerbait gertatuko balitz, nondik irtengo litzateke jendea? Beheko solairua, Arriaga antzokiaren antzera, atez beteta egon beharrean, nola onartu da horrelako sarrera estua egotea, inbutu gisa?
Zuzendariari
Iberdrola Dorreak segurtasun arauak betetzen ditu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu