Zuzendariari

Liburu-saltzaile lapurrak

Arantza Aizpurua
Zarautz.
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Pello Mugarzaren artikuluaren (2012-5-15) harira, esan behar dut ni ere horrela nabilela 85 urteko osabarekin, tartean AMALUR / LUR saltzaile bera. Duela lau bat urte saldu zizkioten liburu batzuk. Bi urte kostatu zitzaidan afera horri bukaera ematea. Hilero joan behar izan nuen bankura hileroko zatia kentzen ziotenean itzultzeko agintzera. Aurten gauza bera egin diote. Hona zer egin behar den:

1.-Horrelako kontratuek legez zazpi eguneko epea dute deuseztatzeko. Argitaletxera bertara joanez edo postaz jakinarazi behar zaie erabakia. Aurreratutako dirua ere itzuli behar dute. Beti gorde behar da komunikazioaren agiriren bat.

2.-Legez, hala eskatuz gero, bezeroaren datu guztiak haien artxibategitik deuseztatzea eska daiteke (Ejercicio del derecho de cancelación inprimakia: www.agpd.es). Hamar egunen buruan erantzun behar dute hala egin dutela. Ez badute hala egiten, Datuak Babesteko Agentziara jo dezakezu.

3.-Bankutik kobraketak hasten badira, Ertzaintzan salaketa jar dezakezu.

4.-Sinatzailea bere buruaren jabe bada, ezin da denuntzia bat jarri argitaletxearen kontra, bai ordea, epearen barnean kontratuaren errebokazioaren kontra ezer gertatuko balitz.

5.-Kontsumitzaile-elkartera jotzea ere ona da, informazio zehatza jaso ahal izateko.

Lapurreta komertzial horren aurka joateko bideak badaude, eta ez zaie arnasarik eman behar zikin jokatzen dutenean eta adineko pertsona bati holako kontratu bat sinarazten diona lapurretan ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.