Kazeta honetan bertan, pasa den egunean, Ibon Sarasolak, dugun ikerlari emankorrenetako batek, esaten zuen oraindik ere guztiz beharrezkoa dela militantzia, euskarak dituen konpromisoekin aurrera egin dezagun.
Nik badakit hori gaur egun oso modernoa dela. Badakit, halaber, gaurko garaiak ez di-rela ezertarako lehengoak bezalakoak. Eta badakit militantziak gaur egun ere batzuetan lan zaila eta astuna dakarrela.
Baina, hala eta guztiz ere, nik guztiz beharrezkotzat jotzen dut militantzia, nahiz eta inguruan mugitzen diren askok (euskaldun peto batzuk barne) adierazi bakarrik egiten dutela egin beharrekoa gustuko dutelako. Haien ustez, ez dugu «dramatizatu» behar, ezta «tragikoak» jarri behar ere gai honi dagokionez.
Jakitun naiz lehengo garaietan askoz naturalagoa zela militantziarena. Kasu askotan eredugarria izatera heltzen zen ekarpen paregabea, ez bakarrik urte luzeetan, baizik eta bizitza osoan. Hain zen (den) handia eskainitako beharra eta ardura, non gaur egun ere gehiengo baten esker ona jasotzen baitute (nirea ere bai).
Batzuek, berriz, kontu hauek guztiak «zaharrak» direla baieztatzen dutenean «mespretxu kutsuaz», burura datorkit gazte askok, zorionez, lan ikaragarria egiten dutela egunero, ulertu dutelako etorkizuna beraiena dela eta orobat haiek direla gure hizkuntzaren iraupena berma dezaketen bakarrak.
Zuzendariari
Militantzia bai edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu