Aurreko larunbatean, Amaiurren egon ginen Amaiur 2012, Haien Ametsa Gurea da ikuskizunean. Gaueko 01:30ak aldean, Iruritarantz alde egin genuen. Hara non errepidean Foruzaingoaren kontrola. Bi garagardo hartu nituela esan nien, eta alkohol proban 0,0 atera zen. Jarraian, droga kontsumoarena: haien miatze eta itaunketa astunaren ondorioz, nire erantzuna betiere ezezkoa zen. Proba egin zidaten, eta emaitzak positiboak zirela THC (cannabis), anfetamina eta zalantzak kokaina hartzean.
Nire defentsan hasi nintzen, eta egoerak okerrera egin zuen: aurpegi txarrak, jarrera harroa. Birritan eskatu nien proba errepikatzeko, makina horrek funtzionamendu txarra zuelakoan, baina haiek ezin zutela errepikatu, eta Iruñera kontraanalisi bat egitera abiatzea nuela aukera bakarra. 03:00ak ziren. Haserre bizian nengoen, baina egoera ikusita —600 euroko isuna, sei puntu eta batez ere ez dagokidan errudun kargarekin—, Iruñera abiatzea erabaki nuen, agenteen planak hautsiz nolabait.
Polizia autoan sartu ninduten, eta gaizkile baten moduan eraman ninduten Nafarroako Ospitalera. Kontraanalisien emaitza: dena negatibo. Goizeko 06:00ak ziren. Lerro hauen bitartez, bi gauza esatea gustatuko litzaidake. Alde batetik, poliziek darabiltzaten detektagailu horien fidagarritasunik eza azpimarratzea. Bestetik, protesta egiten dut polizia horien jarreraren inguruan sentituriko gutxiespenagatik, ezin babestu eta ezin ezer egin; badirudi norbanakoak izorratzea dutela helburu.
Zuzendariari
'Mucha policía, poca diversión'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu