Ez da gehiegizkoa izenburuak esaten duena. Natxitua, Ea udalerrian dagoen tontortxo bat da; polit askoa, ezagutzen ez duzuenontzat. Tontortxo bat, igon, Natxitua pasatu eta beherantza ari zara, berdin da nondik zatozen. Kotxeentzako bisibilidade gutxiko lekua da. Eta herri txikia izanik, arin pasatzeko lekua.
Aspaldidanik, herritarrok trafikoaren arazoari irtenbidea emango dion erantzuna eskatzen ari gara. Dirudienez, Foru Aldundiarena da ardura. Edo, kasu honetan, ardura falta. Arriskutsua da, kotxeak oso arin pasatzen direlako, eta ez dagoelako ez semafororik, ez badenik, ezta abiadura murrizten duen beste ezer ere.
Azken bi urteetan egoerari beste faktore bat gehitu zaio: eskola zabaldu dugu, Haur Hezkuntzako zentroa. Ez dago trafiko seinalerik eskola dagoela adierazten duenik.
Gure umeak Lehen Hezkuntza egitera Gernika edo Barrutira joaten dira, eta autobusa itxaroteko ez dute geltokirik. Autobusa itxaroten errepidearen alboan egoten dira, espaloirik gabe eta bus geltokirik gabe, bisibilidade gutxiko lekuan eta kotxeak oso arin pasatzen diren tokian.
Laburbilduz, arriskua da norbait hiltzea kotxe batek atrapatuta. Konponbidea semaforoak edota badenak ipintzea da. Arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia da. Ez dirudi hain zaila, ezta?
Espero dezagun hurrengo gutunik idatzi behar ez izatea, kotxe batek herritar bat aurrean eraman duela esateko.
Zuzendariari
Natxitua, bizitza arriskuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu