Ordubete… Ordubete ordubete da. Beasaindik Burlatarainoko bidea, 79 kilometro. Ordubetean DBHko ikasleei ergatiboa erakuts diezaiekegu. Ordubetean bizitza osoan ikasitakoa ahatz dezakegu. Ordubete, aitonaren bazkalostetako lokuluxka. Ordubete, larrualdi gozo bat, jo ondoko zigarrotxo eta guzti. Ordubete, 27 telefono dei. Ordubetean bost urte baino gutxiagoko 1.000 ume baino gehiago hiltzen dira munduan gosez. Ordubete, 1.123 karaktere. Ordubete, 107 zortziko txiki. Ordubete…
Ordubete irailarekin batera ordubete lektibo bat gehiago da Iribas jaunak Nafarroako irakasleoi astean sarrarazten diguna. Eta gu haserre. Alferrak gara, nonbait; alferrik da, badakizu. Eta gu haserre, bai, ordubete ordubete baino gehiago baita gure institutuan ere. Ordubete, 2,67 irakasle 64ko klaustroan. Ordubete, 35 zaintza astean. Ordubete, liburutegiko taldea. Ordubete, genero berdintasunekoa. Ordubete, Lotune aldizkaria. Ordubete, irakasleen formakuntza. Horixe da ba pordepronto ordubetegatik gure institutuak aurten aurreztuko duena, lau zero abiadura handiko trenaren 8,5 kilometro 42.000.000 euro kostatzen (kosta, bai, balioa ikusteko baitago) den herrian. Azala behar da, gero!
Jarduera osagarriei, ez; formakuntzari, ez; sormen bideei, ez; kalitateari, ez; eskola publikoari, ez. Bai, EZkuntza da Nafarroako Gobernuakzure seme-alabei eskaintzen diena. EZkuntza, H-rik gabe, bai, aurreztu beharra dago, badakizu.
Zuzendariari
Ordubete (eta EZkuntza)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu