Zuzendariari

Osakidetza eta euskara

Pello Etxabe.
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Euskalduntze prozesua abiadura handiegian omen doa Osakidetzan, eta mantsotzea komeni omen da, esan du Bengoa jaunak, 2011ko lan eskaintza publikoaren berri ematerakoan. Hori entzunda, orain dela ia hiru aste bizi izan nuena etorri zait gogora.

Donostiako Ospitalean, Pediatria eta Ginekologiako larrialdi zerbitzura joan behar izan nuen nire bilobatxo alemaniar batekin, bere gurasoei lagunduaz. Eneko du izena berak, hiru urte ditu, eta alemanez eta euskaraz ongi mintzatzen da. Harreran zegoen emakumeak gaztelera hutsean hitz egiten zuen. Enekori azterketa egin zion medikua, gaztea bera, eta erizaina ez ziren gai umearekin hitz egiteko, nahiz eta berak EAEko hizkuntza ofizialetako bat ulertzeko eta hitz egiteko arazorik ez duen. Umearen amak egin behar izan zuen itzultzaile lana. Gero, gaua behaketan pasatu behar izan zuen, eta gaitzerdi gaueko txandan euskaraz zekien erizain bat zegoen. Suhi alemanak galdetzen zidan ea nola dauden euskaraz ez dakiten mediku eta erizainak pediatria sailean.

Hogeita hamaika urte pasatu eta gero horrelako egoera jasan beharrak agerian jartzen du euskalduntze prozesua, ez abiadura handiegian, baizik eta dortoka baten abiaduran baino txikiagoan doala, gero Bengoa jaunak lotsa gutxirekin esateko oraindik mantsoago joatea komeni dela. Baina horrelako egoeren erantzukizuna beste batzuek ere badute. Oraingo Jaurlaritzaren aurrekoek, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.