Zuzendariari

URBIL eta euskara

Iñaki Usabiaga Sukia.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
URBIL ez da edozein denda. Hurbilen (gertuen) genituen bertako saltoki orosaltzaile haiek URBILek irentsi dizkigu. Egun ez dugu aldian aldikoa bakarrik erosten, ez ere erosketaren aitzakian dendariarekin geure etxeko hizkuntzan hitz aspertu bat egiten.

URBILen sartzean non aurkitzen zaren jakiteko super aurrizkia erantsi behar diozu merkatuari, edota mega dendari. Kito gainerako guztia. Erraldoiak jaten du txikia. Arabako patata nahi duzula? Lasai. Bertan duzu Frantziakoa. Nafarrakoa zainzuria? Bertan duzu Ameriketakoa. Errezilgo sagarra? Bertan duzu Aragoikoa. Har ezazu gurdia, eta etorri zarenez gero, ase itzazu zeure premiak eta irrikak, irrikak ere premiazko bilakatuz. Hitz gutxi! Ez geratu pasabideetan inori traba egiten. Bete gurdia!

Duela egun batzuk gertatu zitzaidan. Adizu, non arraio topa ditzaket kontserbarako kristalezko poteak? «No se vasco» erantzun zidan. Albokoari galdetu nion. «Tampoco se yo» erantzun zidan. Baina hirugarrengo bat alboratu zitzaidan: «Zer nahi duzu?».

Beste egun batean joan, eta kristalezko poteengatik galdetu dut berriro. «No entiendo vasco». Esan-ez esango, hala esan diot irribarretsu: «Deberia usted saber euskara». Honakoa erantzun dit haserre: «Euskara? Para eso estamos. Ni hablar! No aprendere. Y no me echaran. Cuando me eligieron bien sabian que no hablaba euskara. Por algo me eligieron».

Saltokiko langara iristean ohiko miatzailea. Hark ere ez daki euskaraz. Hori guztia, URBILen. Euskal Kooperatiba omen den batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.