Independentziari buruzko elkarrizketa batzuk eskaini dizkigu BERRIAk azkenaldi honetan. Arretaz irakurri ditut, esaldi interesgarriak ere ikusi ditut, baina zerbait gehiago espero nuen. Laburra izan beharrez, gaurkoz ez naiz hasiko horietan irakurria aztertzen; faltan sumatu nuena datorkit burura.
1.-Hutsune nagusia independentziaren subjektuarena izan da. Nor da independente izan nahi duena? Noski, diot neure buruari, Euskal Herria izango zuten buruan. Zein Euskal Herri, ordea? Zazpi lurraldetan sendo banaturik den hori? Hizkuntzaz ere elkar ulertzen ez duten eskualde hori? Batzuek Espainiatik independizatu nahi duten eta beste batzuek EAEtik urrundu nahi duten lurraldeak dituen eskualde hori? Alde batekoek (abertzaleak, ustez) bestekoei frantsesak deitzen dieten eta hangoek hemengoei espainol deitzen diguten eskualde hori? Euskararen herria deitu, eta euskara gutxiengo batek erabiltzen duen eskualde horretakoak? Hainbat lurraldetako herritarren artean lotura eta harreman normalizatuak ez dauden eskualde hori? Hori al da Espainia eta Frantziatik independizatu nahi duen herria? Ez al da zazpiak bat lema inongo independentistaren lehen mailako sentipena? Nahi al dugu bat izan? Zertan bat?
2.-Euskal Herriko zazpi (Nafarroaren bi zatiak bakar bat egiten dituenak, sar beza diaspora zazpigarrentzat) lurraldeetako herritarren arteko harremanak izateko, sortzeko (ekonomikoak, enpresakoak, nekazaritzakoak, turismokoak, gastronomiakoak, kulturalak,hizkuntzakoak, hezkuntzakoak, kiroletakoak, …) ez dugu inoren baimenik behar, ez dugu horretarako Euskal Herri osoa hartzen duen erakunde politiko-administratibo independenterik behar. Herritarrok nahi izan behar dugu, eta kito. Errazagoak eta emankorragoak lirateke, agian, beste egoera hipotetiko batzuetan, baina dagoena dago.
Euskal Herriaren batasuna politikarien esku utzi dugu, bertakoen edo kanpokoen esku. Zatiketaren errua haiei botatzen diegu, eta haiek zer esaten duten zain bizi gara. Irudi du politikariek elkartu, eta bulego batean marraztuko dutela herri independentea. BERRIAn elkarrizketatuetako batek zioen: «Oso zaila da indar abertzaleen arteko elkarlana, lehiakide zuzenak direlako». Politikariez ari da, noski, beste herritarrak existituko ez bagina bezala. Abertzale izan ala ez, herritarren arteko harremana eta lan soziala bultzatu behar dela uste dut zazpi lurralde horietan, beste ezer baino lehen, iparrekoak hegoaldekoekin eta mendebaldekoak ekialdekoekin.
3.-Nire esperientziak dio zazpiak bat bideratzeko ekintzetan euskaradunok izan dugula, dugula eta izango dugula interesa, gogoa eta Herri-zentzua. Euskarak eta euskaltzaleak hautsiko ditu, haustekotan, lurraldeen arteko mugak eta politikoki sortuak dauzkagun lurraldekeriak. Euskaradunoi tokatuko zaigu lan gehiena egitea, nire ustez. Ez dakidana da euskaradun izatea erraz izan dugunok bide horretatik bideratuko dugun gure eguneroko jarduna. Galdera gisa planteatzen badut ere, esperantza badut zerbait berria sortzeko gai izango garela.
Euskarazko hedabide eta argitalpenetan ere zazpiak batasun handiagoa nabari da erdarazkoetan baino. Euskarazkoak larri dabiltzan une hauetan (adibidez, BERRIA) batasun-gogo gutxi dario Euskal Herriari. Aldiko eta tokiko Administrazioaren jokabideei begira egon gabe, hedabide euskaradunen kontsumitzaile behar genuke euskaradunok, eta hedabideok, ordain gisa, zazpien lokailu sozial behar lukete.
Zuzendariari
Zazpiak bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu