Ahomentan

AIRE ZAHARRAK, AIRE BERRIAK

Mandioetatik kontzertuetara, erromerietatik biretara, ezkutuan egindako grabaketetatik eskoletara, tradiziotik bide berrietara, modatik bazterrera, inozentziatik merkatura... Trikitiaren bilakaeraren protagonista eta lekuko dira Xabier Berasaluze 'Leturia' eta Maixa Lizarribar.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Andoain
2016ko irailaren 11
00:00
Entzun
Lagun zaharren moduan agurtu dute elkar, goxotasunez eta konfiantzaz. Haien arteko elkarrizketa berez sortu da, bataren Altzon, bestearen Adunan (Gipuzkoa) edota beste edozein herri edo txokotan topatuz gero egingo luketen bezala. Kazetari arrotza eta bulego hotza ez dira oztopo biluzten hasteko. Musikariak dira, eta musika dute arnasa. Trikitia.

«Josebak [Tapia] hiru urterako oporrak eman dizkit», esan dio Xabier Berasaluze Leturia-k (Villabona, Gipuzkoa, 1954) Lizarribarri. Izatezko bikotearen behin-behineko etena da, bakoitzak bere apetei, proiektuei eta erronkei heltzeko. Ez dira geldirik egotekoak, buruari etengabe eragiten dioten horietakoak baizik. Leturiak liburuxkaren bat argitaratzea du buruan, eta orain Korrontzirekin ari da jotzen.

Hiru urteko etenaldiaren barruan, baina, Tapiak eta Leturiak izango dituzte jendaurreko juntadizoak. «Denbora gutxi barru» elkarrekin joango dira Txekiara. Eta badute huts egin ezin duten ekitaldi bat, «Euskal Herrian egiten dugun erromeria bakarra»: Iturriotzen (Aia, Gipuzkoa), San Joan egunean. «Tapiatar guztiak bertatik pasatu dira; ni ere bertatik pasatu nintzen Eleuteriorekin [Eleuterio Tapia, Josebaren osaba], eta hara joan beharra dago, bai edo bai». Eleuterio Tapia. Harekin trikitia ikasten ari zela ezagutu zuen Leturiak Joseba Tapia.

Maixa Lizarribarrek (Altzo, Gipuzkoa, 1971) aspaldi utzi zituen plazak. Gaztea zela hasi zen plazetan, eta, garai bertsuan, baita gaztetxoagoei trikiti eskolak ematen ere. Gaur egun, trikiti irakaslea da Altzon eta Arrasaten (Gipuzkoa).

Familia



Musikariak dira Leturia eta Lizarribar. Pandero jotzailea bata, eta trikitilaria bestea. Ez hori bakarrik. Leturiak jo, menderatu eta probatu izan dituen musika tresnen zerrenda orkestra bateko musika tresnen zerrenda bezain luzea da. Ez perkusio instrumentuak bakarrik. Bitxienen artean, garbitzeko taula titareekin edota lurra hankekin.

Ez da kasualitatea Leturia musikaria izatea. Aita eta aitona musikariak zituen. Haize instrumentuak jotzen zituzten batez ere: tronboia, tuba txikia... Aitonak pianoa ere bai. Leturia 3 urterekin hasi zen solfeoa ikasten, irakasle partikular batekin. Pianoa, gitarra, flauta txikia eta abar jotzen zituen.

Izan zuen, ordea, «beheraldi bat» pianoarekin eta gitarrarekin, eta trikitiak liluratu zuen. Ezagutzen zuen trikitia. «Erromerietara joaten ginen dantza egitera, eta gustatu egin zitzaidan».

Egun batean, pandero batekin joan zen etxera, trikiti munduan sartu eta ikasi egin nahi zuela esanez. «Etxean harritu egin ziren: klasikotik etorrita... Erotu nintzela uste zuten. Nire etxean operak eta zarzuelak entzuten ziren, musika klasiko guztia. Bat-batean semea etorri eta panderoa ikasi behar duela esatea...».

Panderoa bere kabuz ikasi zuen, «etxean magnetofonoa jarrita eta hari jarraituta». Panderoa jo zuen Anoetako Ipintzarekin, Zaldibiko Xaprerekin... «Oinarri bat egin nuen haiekin». Atabala ere jo zuen, bi urtean, Txanbela taldean, Juan Mari Beltranekin. «Beltranek txalaparta jotzen erakutsi zidan. Haren lehen ikaslea izango nintzen Hernaniko ganbaran».

Horrela iritsi zen Eleuterio Tapiarengana, trikitia ikastera. Erromeriak egin zituen harekin. Bakarrik ere bai, despedidak eta. «Dezente jotzen nuen».

Musika tresnen inguruko kezka eta jakin-mina ez zaio agortu. Orain dultzainarekin saiatzen ari da «kapritxoz», eta tarteka begiratzen die alaben biolinei, «zerbait egiteko». Bateriarekin ere ari da, «baina ziririk eta txindata esekirik gabe, eskuila eta dunbala besterik ez».

Ez da kasualitatea Maixa Lizarribar trikitilaria izatea ere. Dena den, ez zen berez, bakarrik eta oztoporik gabe abiatutako bidea izan. Trikitia etengabe entzuten zuen. Etxean: «Gurasoak oso trikitizaleak ziren». Autoan: «Trikiti kaseteak jartzen zituzten». Txapelketetan: «Txapelketak ikustera joaten ginen, eta gurasoek erosi egiten zituzten txapelketen ondoren ateratzen ziren diskoak eta biniloak». Ez ditu gogoan erromeria jakin batzuk. Bai, ordea, Laja eta Landakanda. «Beti jotzen zuten Altzon. Urteren batean Epeldek ere bai».

Umetatik hasi zen gurasoei kalakan, trikitia ikasi nahi zuela. «Nik hori entzuten nuenez, hori ikasi nahi nuen. Baina gizonen mundu bat zen, eta ezin nuen hori ikasi». Txapelketa batera joan, eta Maltzeta aita-alabak ikusi zituzten oholtza gainean —Juan Garate Alkorta eta Mari Karmen Garate Jauregi—. Lizarribarren gurasoek ikusi zuten bazela neska bat panderoa jotzen, baina Lizarribarri ezetz esaten jarraitzen zuten.

Egun batean, «erdi jostailuzko» soinu txiki bat oparitu zioten. «Hura jotzen aritzen nintzen tirri-tarra». Gabon batzuetan, soinu txiki harekin gabon kanta bat jotzea lortu zuen, eta neska kuadrilla bat atera ziren kalera, herrian jotzera. Gurasoek etsi egin zuten. «Gurasoek esan zuten: 'Kito. Nahikoa da'. Villabonara eraman ninduten, Martin musika eskolara [Martin Aginalderen eskola]. Urte pare baten bueltan, bazkarietan-eta jotzen nuen, lehengusuarekin, anaiarekin...».

Taldea



Bai Leturia, bai Lizarribar, lagun eta adiskide bati lotuta egin dira ezagun. Leturia Joseba Tapiari, eta Lizarribar Ixiar Orejari. Urte askoko ibilbidea egin dute elkarrekin, baina kasualitatez sortu ziren gero bereizezinak diruditen bikoteak.

Eleuterio Tapiaren eskolan izan zuten elkarren berri Tapiak eta Leturiak. «Josebak pandero jotzailea falta zuen, eta laguntzeko eskatu zidan. Entsegu pare bat egin genituen, eta aurrera egin genuen». Plazetan, txapelketetan, diskoetan... 1.200 emanaldi inguru egin dituzte elkarrekin. Guztiak apuntatuta eta zenbatuta dauzka Leturiak. Izan ere, altxor bat du gordea: «Zorionez, dena apuntatzen dut, egunean zer gertatzen zaidan. Badakit zenbat erromeria egin ditudan hasieratik, zeinekin, bitxikeriak... Horrek aukera ematen dit zerbait egiteko».

Lizarribarrek etxeko giroan jotzen zuen. Egun batean, galdetu zioten ea Euskal Herriko Trikitilari Txapelketara joan nahi zuen. «Nola, ba?», izan zen haren erantzuna. «Orduan, mundu guztia joaten zen txapelketara: denek pasatu beharreko galbahe moduko bat zen».

Txapelketara joateko arazo bat zeukan, ordea: norekin joan behar zuen? «Andoainen bazegoen neska bat panderoa jotzen zuena. Txapelketa baino hilabete lehenago elkar ezagutu genuen, entsegu batzuk egin genituen, eta joan ginen». 1988ko txapelketa zen. Finalera pasatu ziren. «Finalera iritsi zen emakumeen lehen bikotea izan ginen. Jendearentzat berritasuna izan zen hori, eta deiak hasi ziren. Hor hasi ginen erromerietara joaten». Zurrunbiloa. Hamaika urtez jo zuten elkarrekin, lau disko kaleratu zituzten, eta mila kontzertutik gora jo, «nahikoa zela erabaki arte».

Afizioa



Gauza bat da musika tresna bat ikastea, eta beste bat musika tresna horrekiko afizioa, lotura edo atxikimendua izatea. Iraunkorra. Leturiak begi zeharka begiratzen die etxean dituen hiru biolinei. Alabenak dira. Leturiaren bi alabek ikasi zuten biolina ondo jotzen, baina... «Bat-batean, etorri ziren, eta esan zidaten: 'Aita, biolina zuretzat, ez dut nahi'. Nahikoa lan dutelako, ikasketak...».

Porrot hitza erabili du. Eta musika irakaskuntzari lotu dio porrot hitza, «gurasoen erantzukizuna ahaztu gabe». «Ikusten dut», jarraitu du Leturiak, «ez dugula afizioa sortzen tresna batekiko, erakutsi diegula musika tresna bat jotzen, baina ez dugula afizioa sortzen».

Lizarribarrentzat, ordea, urte askoan musika tresna bat jotzen ikasi duen gazte batek musika tresna horixe baztertzea ez da porrota: «Aldi bat bete dute, eta horrek asko eman die. Ez da bukatzen, etekina ateratzen jarraituko dute ikasi dituzten gauza askori».

Eta nola sortzen da afizioa? Nola lortu musikarekiko eta musika tresnarekiko atxikimendua? Joseba Tapiak eta biek Ameriketako Estatu Batuetara egindako bidaia bat aipatu du Leturiak. Harrituta geratu zirela 7-8 urteko umeek bakarka eta taldean zein ondo jotzen zuten, musika irakurtzen jakin gabe. Nerabezaroan eta gaztaroan ere jotzen jarraitzen zutela.

«Nola?», galdetu du Leturiak. Berak erantzun du: «18 urte bete arte ez dute solfeorik; dena belarriz ikasten dute, paperik gabe». Leturiak berak Eleuterio Tapiarekin ikasten zuen moduan, bata bestearen parean jarrita. «Hori barruan geratzen zaizu».

«Gero behar dute solfeoa, beste musika tresna batzuekin edo taldean jotzeko, baina urtebetean edo urte eta erdian ikasten duzu musika irakurtzen. Haur eta gazte horiek maite dute beren musika tresna». Salatu du, ordea, gaur egungo metodologiekin ez dela benetako afizioa sortzen.

Solfeoa, zenbakien bidezko metodoa... «tresnak» dira Lizarribarrentzat, eta ondo erabiltzen jakin behar dela dio. Eta, metodoak metodo, oso garrantzitsua dela ikaslearekin gertuko harremana izatea, «ez bakarrik irakastea». Baina sarritan ardura guztia irakasleen bizkar gainean jartzen dela ikusita, gurasoena ere nabarmendu du. «Musika norberaren satisfaziorako erabili behar dugu, eta inguruak zer esan asko du».

Ofizioa



Trikitia lana da Lizarribarrentzat. Ez zuen lan gisa sentitzen, egun batzuetan salbu, Ixiar Orejarekin eta taldearekin batera mila emanalditik gora egin zituen urteetan. Ikasketak eta herriz herriko emanaldiak uztartzen zituzten orduan.

Trikitia zaletasuna da Leturiarentzat, ez lana, lan bati besteko ardura eta denbora eskaintzen badizkio ere. Betidanik izan du beste lan bat: Kutxako langilea izan da —Kutxabankekoa azken urteetan—. Erretiroa aurreratu du aurten, Kutxan 40 urtean lan egin eta gero. «62 urte ditut, eta aukera eman didate. Kito».

Urte batzuetan, musikak eman izan dio hortik bakarrik bizitzeko adina, baina betidanik bereiztu ditu lana —Kutxakoa— eta zaletasuna —musika—. «Nahiago dut musika zaletasuna izatea; lana bihurtuko balitz, hortik bizi beharko banu, utzi egingo nuke ziurrenik. Gozatzera igotzen naiz plazara, kezkarik gabe. Familia aurrera atera behar dudala pentsatzen hasi beharko banu... hala ez nintzateke joango plazara».

Maixa eta Ixiarrena ere zaletasun gisa hasi zen, «baina eguna joan eta eguna etorri jotzen duzunean, egun jakin batzuetan ez zara gustura sentitzen; egun horietan, lanean ari zarela sentitzen duzu».

Biek asko dakite oholtzaren aurrean, oholtzaren gainean eta oholtzaren atzean gertatzen denaz. Oholtzaren atzean gertatu dena bizi izan dute. «Lehen ez zenuen hitz egiten zenbat ordu jo behar zen: erromeria bat egitera joan eta jendea baldin bazegoen, jotzen jarraitzen zenuen; ez bazegoen, lehenago bukatu, trasteak jaso, eta etxera». Gero, ordea, jo beharreko orduak zehazten hasi ziren. Bazegoen orduko kobratzen zuen talderen bat ere.

Festen kudeatzaileei buruz hitz egiten hasi dira. Publikoak —udalak— eta pribatuak —udalei festak antolatzen dizkieten enpresak—. Ez dute hitz gozorik haietako gehienei buruz, urte askoan bizi eta ikusi dutenean oinarrituta. «Enpresei bost axola guztia haien musikariak jartzea lortu badute, komisioa kobratzeko».

Lizarribarren ama izan zen Maixa eta Ixiarren «idazkaria». Hark hartzen zuen telefonoa, eta hark izaten zuen taldearen agenda eskura. Lizarribarrek gogoan du taldearen harridura, azken urteetan, enpresek deitu eta herri jakin batean jotzeagatik enpresei zenbat ordainduko zieten galdezka hasi zirenean. «Nola? Nik zuri dirua eman deitu egin didazulako? Ez, ez, guri hainbeste eman behar zigutela esaten genien, guk talde guztiaren artean banatu behar genuelako». Enpresek bazuten beste alde txar bat ere: «Gehienetan ez ziren azaltzen, eta, zerbait gertatuz gero, salduta zeunden».

Leturia eta Lizarribar bat datoz: «Normalean herriko jendeak deitzen badizu, funtzionatuko duen seinale, benetako interesa dutelako. Udalen edo enpresaren batetik deituta, edozer gauza gerta daiteke». Tapia eta Leturiak uko egin zieten jaien kudeaketa enpresen eskaintzei.

Olatua



Plazak eta plazetako atzera-aurreak zama bihurtzen dira. Galdera, Leturiak: «Hau [musika, trikitia] betiko lana izango balitz, mereziko al luke horrela jarraitzea?». Eta Lizarribarren burua atzera begira jarri da, eta gogora etorri zaizkio Maixa eta Ixiarrekin hamaika urtean egindako 1.150 emanaldiak; lehen urteko 156ak; bi emanaldiko ohiko egunak; hiru emanaldiko salbuespenak; musika eta ikasketak bateratu zituzten urteak; azterketa garaian etxetik kanpo pasatutako asteburuak; kontzertua bukatu, etxera iritsi eta azterketetara joan izana... «Astakeria handiak ziren, baina maite genuen, eta egin nahi genuen». Hori bai, «atzera begira jarri, eta pentsatzen dut eskerrak hori 19 urterekin egin nuela, orain ez bainuke egingo, ez nuke tratu hori aguantatuko».

Bidesaria musikariak berak ordaintzen du, baina baita haren ingurukoek ere. «Nik utzita neuzkan familia, bikotekidea, lagunak, kirola... Umeak emazteak hazi ditu. Zurrunbilo horretan ez daukazu beste ezer. Galdetzen duzu: merezi al du? Zaletasuna bakarrik geratzen zitzaizun». Lizarribar zuzenean joan izan zen azterketaren batera. Leturia, lanera: «Goizeko bostetan iritsi, ordubete lo egin, dutxa hotz bat hartu, eta lanera».

Trikitiaren olatuaren garaia izan zen. 1980ko eta 1990eko hamarkadak. Tapia eta Leturiak trikitiaren berrikuntza bultzatu zuten, eta haien arrastoan sortu ziren trikitia modako musika bihurtu zuten taldeak: Maixa eta Ixiar, Gozategi, Alaitz eta Maider... Trikitia iristen ez zen lekuetara iritsi zen, dantzatzen ez zuen jendeak dantzatu zuen, kantatzen ez zuen jendeak kantatu zuen. Trikitiari era guztietako abizenak jarri zizkioten: triki-pop, triki-rock, triki-rap...

Eta zer utzi du olatu hark? Hondoratze baten hondakinak? Irakaskuntzan eragina izan duela dio Lizarribarrek. Ikasleek gogoan dituztela garai hartako kanta batzuk. «Beti kexu dira, ordea, Youtuben ez gaudelako. Gure garaian ez zegoen halakorik». Gaur egun plazak egiten dituzten talde batzuek ere oraindik kantatzen dituzte orduko kantak. Maixa eta Ixiar desegin egin ziren. Alaitz eta Maider ere bai. Gozategik hor jarraitzen du.

«Eta orain zer egingo dut?», galdetu zion bere buruari Lizarribarrek Maixa eta Ixiarren abentura bukatu zenean. «Ez nekien beste ezer egiten. Umezurtz sentsazioarekin geratu nintzen. Hala ere, segituan ohitzen zara bizimodu berrira, eta hainbat gauza berri ezagutzen dituzu». Trikiti eskolak ematen jarraitu zuen.

Trikitiaren olatu hura ona izan zen, bai Lizarribarrentzat, bai Leturiarentzat. Lizarribarrek, baina, zehaztu du asko kritikatu zituztela orduan, «garbizaleek batez ere».

Tapiak eta Leturiak ere jaso zituzten kritikak: «Gu rock-and-rolla egiten hasi ginenean, jende bati ilea kizkurtu zitzaion!», gogoratu du Leturiak. «'Zer ari zarete egiten?', galdetzen ziguten. Guk ondo pasatzen genuen, eta jendeak ere bai. Trikitiak, azkenean, orkestra sinfonikoekin ere jo du: Kepa Junkerak, Korrontzik... Gaur egun ez dago mugarik»

Biak bat datoz trikitiaren goraldiak ondorio hori izan zuela, trikitia ireki eta zabaldu egin zela, muga mental eta fisiko asko hautsiz.

Plazak



Trikitia erromeriei lotuta egon da, baina erromeriak desagertuz joan dira. «Erromeriek porrot egin dute», bota du, zapla, aringarririk gabe, Leturiak. «Lau daude: Santamaña Asteasun, Iturriotz sanjoanetan...». Aristerrazukoa nabarmendu du, Aiako San Pedro auzokoa. Leturiaren aitona-amonen garaian arrakasta zuen, eta Leturiaren gaztaroan ere bai. «Aukera bakarra zen neskatan egiteko. Hara joaten ginen, gustura asko, dantza egitera». Oraindik ere eusten diote Aristerrazuko erromeriari, baina, Leturiaren esanetan, «dantza egitera joaten den jendea nire garaikoa da». Aristerrazu garrantzitsua izan da trikitiarentzat eta dantzarentzat. «Unibertsitatea da dantzarako», nabarmendu du, «gaur egun dantza txapelketetan ikusten diren pausoak Aristerrazuko unibertsitatetik ateratakoak dira guztiak».

Badira herriak trikitilari eta pandero-jotzaile ereduak arrakasta duena. «Baina urtean behin. Lehen astero izaten zen. Hori joan da».

Eta Leturiak Tapia eta Leturiaren errua onartu du erromerien gainbeheran. «Erromerien ordez taldeak etorri ziren: gu, besteak beste. Bateria eta baxua sartu genituen, eta taldea osatu genuen. Beste toki batera joan ginen. Gero bueltatu ginen, baina kontzertu gisa, ez erromeriarako. Ikusi genuen hori gain behera zihoala».

Imanol Lazkano bertsolariak esana da Leturiari: «Gure garaian, neskatan egiteko, dantza egin behar zenuen. Orain, ez: taberna batera joan, trago bat hartu, eta han dagoen eskandaluarekin nola hala egiten duzu». Erromeriek galdu egin dutela beren funtzio sozialetako bat, alegia.

Lizarribarrentzat, trikitilari eta pandero jotzailearen eredua ez dago kolokan, baina garaiak aldatu dira, belaunaldiak ere bai, baita musika eta musika kontsumitzeko moduak ere, «eta dagoenera moldatu behar dugu».

Erromeriak desagertzear eta plaza asko hutsik, oholtzaren gainean musikariak badaude ere. Ez da egoera arrotza ez Leturiarentzat, ez Lizarribarrentzat. «Herriko festa handietan trikitia jo, eta hogei ume dituzu korrika, eta lau guraso ondoan», laburbildu du egoera Leturiak. «Jendea ez da dantzara joaten; ez dago giro hori eta irrika hori erromeriarako».

Prestakuntza



Trikiti irakaslea da Lizarribar. Altzon eta Arrasaten. Aspalditik. Altzon «betidanik» izan du trikiti eskola. 19 urte ingururekin hasi zen han trikitia irakasten. Duela bederatzi urte, eskualdeko Loatzo musika eskolaren barruan sartu zen Lizarribarren eskola. Arrasaten, bertako musika eskolan irakasten du trikitia. Laster egingo ditu 25 urte bertan lanean. Ia 200 ikasle ditu guztira.

Gaztaroan bere etxean zegoen trikiti kulturaren falta nabaritzen du Lizarribarrek ikasleen artean: «Ez dute ezer kontsumitzen. Gurasoek ez badute entzuten, haurrek ere ez. Trikitia ikasten jarraitzeko oso garrantzitsua da etxeko kultura: entzutea, erromerietara joatea... horrek ere bultzatzen zaituelako ikastera».

Trikiti eskolan, nabari du ikasleek beste jarrera bat dutela soinu txikiarekiko. «Trikitia bakarrik entzuten dugu, eta trikiti giro bat dago».

Zein da ikasleen motibazioa trikitia ikasteko? Berak ikusten duenagatik, ez musikatik bizitzea, ez musika talde batean parte hartzea, ez txapelketetan parte hartzea. «Uste dut gehiago dela ihesbide bat. 8 urteko edo 16 urteko batentzat, edozein musika tresna ikasten duenean, bere momentua bilatzeko aukera bat da».

Trikitiaren eta beste musika tresna batzuen ikasketa prozesuan etena gertatzen da 17 urteren bueltan, gazteek goi mailako ikasketetara jotzen dutenean. «Orduan», Lizarribarren esanetan, «tresnari lotuta dagoenak jarraitu egingo du, baina gutxiengoa dira, ehun ikasletik hamar». Ikasle horientzat, trikitia «festa on bat egiteko aitzakia» da.

Trikitia ikasi nahi duten gazteek eskoletara jotzen dute. Lehen ere bai. Atzean geratu dira trikitilariek beren teknika, jotzeko modua... irakatsi nahi ez zituzten garaiak, ikasleek egin ziezaieketen lehiaren beldur. Trikiti eskolara joan, eta kito. Erreferenteak behar izanez gero, haien musika badago diskoetan eta Interneten.

Lehen, ez. Leturiak gogoan ditu Aristerrazuko ganbaran ezkutatuta pasatutako estutasunak. «Martinen, Lajaren... saioak grabatzen genituen, belar eta arto artean sartuta. Ikasteko modu bat zen». Ez zen broma. Leturiak gogoan du norbait erromeria grabatzen ari zela konturatu eta erromeria etetea.

Erreferentziak aldatu egin dira. Lizarribarrentzat eta haren belaunaldikoentzat, Tapia eta Leturia erreferentzia eta «idolo» ziren. «Gaur egungo ikasleek, ordea, ez dakite zein diren. Haientzat, Laja eta Landakanda marrazki bizidun japoniarretako pertsonaiak izan daitezke. Ez dituzte ezagutzen. Youtuben dagoena edo Facebooken dabilena ezagutzen dute. Ez dute musika entzuten; ez dituzte diskoak erosten». Ikasleetako askok Lizarribarrek erakutsitako argazkien bidez ezagutzen dituzte Maurizia, Tapia eta Leturia...

Trikitilari batzuk, baina, ezagutzen dituzte. «Ezagutzen dituzten bakarrak», jarraitu du, «Kepa Junkera eta Esne Beltza dira: Junkera, noizbait entzun dutelako, eta Esne Beltza, festara ateratzen direnean hori daukatelako eskura». Horrek guztiak eragina du ikasleen eskaeran, ikasi nahi dutenean. Festetan, plazetan, nagusi denak eragina du irakaskuntzan ere: «Ikasleek hori ikasi nahi dute: Esne Beltza eta haien errepertorioa. Estetika kontua ere bada».

Estetikarena eta marketinarena, Leturiaren iritziz. «Marketinak bultzatu dituen artistak».

Gutxiespena



Baserri munduari lotutako musika da trikitia. Baserri giroko festaren musika. Gutxietsi ere izan da horregatik. Mespretxuak oraindik ere jarraitzen duela uste du Lizarribarrek. «Ez lehen zuen gutxiespen guztia, baina oraindik badago, batez ere hirietara joaten zarenean: arraroa bazina bezala begiratzen dizute. Musika tresna ezagutzen dute, baina musika bera, trikitia —fandangoak, arin-arinak...—, hori arraroa eta arraroenada oraindik».

Arrunkeriaz tratatu ohi da askotan, trikiti disko bat jarri eta ekitaldiei euskal kutsua emateko asmoz. «Askorentzat, trikitia ferietako, jaiak girotzeko eta txirrindularitza probetarako musika da».

Leturiak historia pixka bat egin du: lehenengo trikitilariak alboka edo dultzaina jotzaileak izan zirela, eta trikitia iritsi zenean trikitira pasatu zirela, diruagatik; soinu handiak arrakasta handia izan zuela, orkestra bat zelako tresna bakarrean, eta zabaldu zenean trikitiak atzera egin zuela, berriz ere baserrira bueltatu zela; eta trikitiak berriro gorakada izan zuela, txapelketen eraginez.

«Ni umea nintzela», gogoratu du, «baserrietako mandioetan egiten ziren emanaldiak». Trikitiak leku gutxi zuen herrietan. «Elgoibarren, esaterako, kalejira bakarrik egiten zen, ez besterik. Kalez kale eta tabernaz taberna bai, baina sekula ez zen trikiti emanaldi bat izaten herriko plazan».

Txapelketak



Trikiti txapelketak badaude. Hainbat antolatzen dira trikitilari gazteentzat. Ez dute 1970eko eta 198ko hamarkadetan izan zuten sona eta jarraipena. Utzi egin zioten Euskal Herriko Trikitilari Txapelketa egiteari. «Atzera egin genuelako», Leturiaren esanetan. Zerbait badaki. Txapelketa irabazitakoa da, Joseba Tapiarekin, 1986an eta 1988an, Donostiako belodromoa bete zen urtean. «Aurretik zetorren nahasmena; beti izan dira iskanbilak». Eta lehia: «Martinen eta Lajaren artekoa; Tapiaren eta Junkeraren artekoa». Izena eta izana zuten trikitilariek parte hartzen zuten orduan txapelketa nagusian.

1988ko txapelketa bukatu, eta trikitilarien lehiaketa bat antolatu nahi izan zuten, berriro belodromoa betetzeko. Saria: milioi bat pezeta (6.000 euro). Iñaki Garmendia Laja, Martin Aginalde, Kepa Junkera eta Joseba Tapia, bakoitza bere pandero jotzailearekin. Lehiaketa bat baino gehiago, «apustu bat». 1988ko txapelketaren aurretik Tapia eta Leturiaren aldeko apustu bat jarrita zegoen Tolosako Kantabriko tabernan (Gipuzkoa). «Ahari joko baten modukoa zen. Noraino iritsi zen musika! Gelditu egin genuen belodromoko asmoa».

Txapelketak behar dira? Lizarribarrek ez daki. Onak izatekotan, ikasteko onak direla dio, «ikasleek asko jardun behar baitute». Lehen behar zirela dio Leturiak, txapelketetan jo behar zela gero plazetan ere jotzeko. «Hura zen gure erakusleiho bakarra. Bestela, ez zizun inork deitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.