Mikel Ruiz Oar-Arteta - Jesus Uzkudun

Lubakian ez dute adina galdetzen

Ia mende erdiko aldea dago CCOOko sindikalista beteranoaren eta Eragin langile prekarioen asanbladako kide gaztearen artean; hala ere, antzeko zureko ezpalak dira biak. Langile borrokaren moldeak eta guneak aldatu egin direla diote; eskaerak eta helburuak, aldiz, ez hainbeste.

Imanol Magro Eizmendi.
2020ko uztailaren 19a
08:54
Entzun

Ez zuten elkar ezagutzen, baina bazuten bestearen lanaren berri. Maskara, gel eta ukondoen garaian ez da erraza agur beroa egitea; halere, berehala piztu da haien arteko solasaldia. 47 urteko aldea dago bien artean, baina, egia bada bakoitza bere zoroak bizi duela, Jesus Uzkudunen eta Mikel Ruiz Oar-Artetaren zoro horiek antzekoak dira. Lan-osasun arautegiei buruzko hizketaldi animoso bat hasi dute, eta gazteak interes handiz aztertu ditu ez hain gazteak ekarri dituen agirietako batzuk. Lanean gorputz atalen bat galduz gero langileari dagokion kalte-ordaina zenbatekoa den zehazten dute taulek. Ruizek Eragin elkarteko elastiko bat darama, eta Uzkuduni atentzioa eman dio horrek.

Jesus, Mikelen elastikoan «Borrokak merezi du» irakur daiteke. Merezi al du benetan?

JESUS UZKUDUN: Bai, noski. Borrokatzen ez denak borrokatzen ez du ezer jasoko.

MIKEL RUIZ: Nik gehituko nioke borrokak kolektiboa behar duela. Aspalditik saldu digute norbanakoaren lanari esker lortzen direla gauzak, baina askotan borrokak kolektiboa behar du.

«No es lo que hay» ere irakur daiteke ['Badago besterik', gaztelaniaz]. Jesus, zenbat aldiz entzun duzu zuk aurkakoa: «Ez dago besterik»?

J. U.: Askotan entzun dut, baina nik beti diot azalpen horrekin ez dela nahikoa. Duela urte batzuk oso ezberdina zen. Gauzak aldatu egin daitezke, baina borondatea behar da, eta borroka egin.

M. R.: Gazte askori txertatu diguten lelo bat da. Krisiaren aurrean burua makurtu behar dela, ezin dela ezer egin. Ez gaude ados. Egoera hau ez da fenomeno atmosferiko bat; krisi ekonomiko baten ondorio da, eta antolatu egin behar dugu.

24 urteko gaztea entzutean zer datorkizu burura, Jesus? Non zinen zu 24 urterekin?

J. U.: Zuzen dabilela. 24 urterekin?... ETA VI.enean. LCRrekin elkartu, eta urte haietan Polizia atzetik nuen. Salvador Puig Antich hil osteko borroka antifrankistan sartuta, Guardia Zibila atzetik nuen, eta ospa egin behar izan nuen, Gasteizera. Lanean ere ari nintzen. Nortasun agiri faltsu bat lortu, eta lantegi batean orduak sartzen nituen.

Alde ederra, Mikel.

M. R.: Errealitatea asko aldatu izanaren pertzepzioa dut. Baina egun badago abesti bat idazteagatik alde egin behar izan duenik. Oraindik badaude halako kasuak.

Zeren alde edo zeren aurka borrokatzen zinen 24 urterekin?

J. U.: Batez ere diktaduraren aurka, eta langileak antolatzen. Oroitzen naiz urte haietan Gureola-Scott fabrikan ibili nintzela. Sinadurak bildu genituen urtean bi buzo eman ziezazkiguten lortzeko. Legeak bi buzoak eta soldata igoera agintzen zituen, eta genituen ordezkari sindikalak jabearen morroiak ziren. Langile bilera batean hitz egin nuelako, Polizia bidali zidaten atzetik.

Soldata duina, bi jantzi... Bilbo inguruko langile gazte askok hori eskatzen dute gaur egun.

M. R.: Bai, jende askok ez daki enpresak hori guztia eman behar diola. Bilbon buzo gutxi ikusten dira egun, baina bestelako lan erremintak behar dira, eta jendeak ez daki horiek enpresak egin beharreko ekarpen bat direla, eta askotan ez du egiten.

Jesus Uzkudun eta Mikel Ruiz Oar-Arteta

 

GORKA RUBIO / FOKU

Eraginen azalpen horiek eman behar izaten dituzue?

M. R.: Guk horrelako kontsultak sindikatuetara bideratzen ditugu; harreman ona dugu haiekin. Baina gu sindikatuak iristen ez diren toki horietara iristen saiatzen gara. Adibidez, bizikletako janari banatzaileen kontua agerikoa da: haiek jartzen dute bizikleta, haiek konpondu behar dute, haiek ordaindu behar dute motxila... Hori paradoxikoa da, haiek ez direlako langileak ere, baina kasu horiek hor daude, eta saiatzen gara kontzientziatzen horrek enpresaren ekarpena izan behar duela. Dirutza gastatzen dute materialean.

Jesus, zer datorkizu burura halakoak entzutean?

J. U.: Arazo handi bat ikusten dut sindikalismoan: langileak noiz etorriko itxaroten egoten da askotan, eta ez, haien bila joan behar du. Non dago arazoa? Hura aurkitu eta han kudeatu. Gero aztertu, afiliatu, konpondu... Azaleko sindikalismoa dago, eta askotan, erabat ekonomizista. Hortik bide motza egingo du.

M. R.: Guk erraztasuna dugu hor; paraxutistarena egitea deitzen diogu, sindikatuak iristen ez diren tokian erorita. Guk ez dugu zilegitasunik behar hori egiteko, eta bilera moduan antolatzen dugu. Joera eraberritzailea da, autonomo faltsuekin-eta... Sindikatuek, aldiz, ikusten dugunaren arabera, leku estankoetan jarduten dute gehiago, bertako langileek kontratu mugagabeak dituztenean, eta delegatuen bitartez langileak antolatuz. Baina gutxitan joaten direla lekuetara. Ulertzen dugu sistema burokratizatu batekin zailagoa dela, baina errealitatea da gero eta sektore gehiago ari direla gelditzen sindikatuen ohiko espazioetatik kanpo. Eta horiek ere langileak dira, eta oso baldintza kaskarretan daudenak.

J. U.: Askotan, sindikatuak ohitu dira afiliatuei bakarrik kasu egiten. Jendea afiliatu dadin, aurrena eman egin behar zaio. Ez baldin bazaio ematen, zertarako afiliatuko da? Ez badidate ezer konpontzen... Diktadura bizi izan zuen gizarte hari begiratu behar zaio: arazoa aurkitu, konpondu, eta gero jendeak eman dezala antolatzeko pausoa.

Jesus entzunda, egingo diozue tokia Eraginen, ala?

J. U.: Badaukat nahikoa lan hori gabe ere!

M. R.: Nahi badu, ongi etorria da. Baina arrazoi du, ikusten da sindikatuetan, batzuetan, sartzeko urte osoko kuota ordaintzea eskatzen dela. Eta normala da, sindikatuek ere beren autonomia bermatzeko diru sarrera propioak behar dituztelako, baina aldi berean sindikalismo militante baten premia dago, behar jakin horiei aurre egiteko.

Gazteen eta sindikatuen artean lotura falta da?

J. U.: Nik hala uste dut. Eta arazo bat da. Gaztea zara eta kontratua oker duzu, edo autonomo faltsua zara, edo ez duzu kontraturik. Edozein pauso emateko, afiliatu, eta epaitegitik joan behar duzu. Diru gehiago oraindik! Hor sindikalismoak aldatu egin behar du, urtez urte berritu egin behar du: nolako egoera, halako erantzuna. Enpresa handi batera bazoaz, kontratu finkodun langileengana, normala da afiliazioa eskatzea. Sindikalismoak egun hauteskunde sindikalak bilatzen ditu, delegatuak, haiei esker ere diru sarrerak lortzen dituelako, beharrezkoak direnak funtzionatzeko. Baina, aizu, jendeari ere lagundu egin behar zaio. Lagunduz gero, gero afiliatu egiten da.

«Arropa denda batean lan egiten duen neska batek ikusten badu borrokak fruitua ematen duela, betirako sindikalista bat duzu»

Jesus Uzkudun

Eta Eraginen? Zaila al da gazteak aktibismora erakartzea?

M. R.: Aurrekora itzuliko naiz. Askotan gazteok lan egiten dugun espazioak espazio atomizatuak dira, oso langile gutxikoak, oso epe motzeko kontratuekin, gehienak partzialak... Jende asko dago astean hiru tokitan lan egiten duena. Langile hori non antolatuko da? Ostalaritzan? Aldi baterako lan enpresan? Normalean, inon ere ez. Zortzi orduko kontratu batekin, antola zaitezke, baina sei hilabeteko kontratua baduzu, eta mugagabe egin zaitzaten ugazabari nolabaiteko prestutasuna erakutsi behar badiozu... Jende hori ez da inoiz afiliatuko, ezta borrokatuko ere, bere lanpostua beti dagoelako jokoan. Sortu dute sistema bat non gazteak beti dauden noraezean eta inolako egonkortasunik gabe lanean, eta egonkortasunik ezak borroka zailago bilakatzen du.

J. U.: Arazo pare bat ikusten ditut nik. Bat, sindikatuak sektoreka antolatuta daudela, eta ez lurraldeka. Eta, egun, langile batek gaur industrian dihardu, eta bihar, ostalaritzan. Orduan, non kokatu? Eta bi: baldintzen salaketa egitea ondo dago, baina jendeak behar duena da gauza txikiei heltzea, kudeatzea eta konpontzea.

Adibide bat, nire sindikatuan, duela gutxikoa: tailer txiki batean amiantoa agertu da, eta ni, kezkatuta. Esaten zidaten «delegatuak egin dezala salaketa, horretarako du babesa», eta nik esaten nien, «zer babes izango du hamar langileko familia tailer batean? Segituan baztertuko dute». Bada, nik jarriko dut salaketa! Polizia onaren eta txarraren rola jokatuko dugu. Tailer txiki batean dagoen langileari ezin zaio eskatu hark salaketa jartzeko. Pikotan jartzen duzu. Sindikatuak babesa eman behar dio. Arriskatzeko, suizidak; eta ahalik eta gutxien.

M. R.: Eraginen jende gaztea erakartzea lortzen dugu. Hilabetero dugu jende berria. Sektoreka egiten dugu lan: apustu etxeen aurka, autonomoen egoera salatzen... Baina egia da aurretik ere gizarte kontzientzia duen jendea dela gehienbat.

Militantzia krisi bat al dago?

J. U.: Orain 50 urte ere aktibismo gutxi zegoen lanean. Burgosko epaiketa-eta gogoratzen ditugu, jendea kalean; baina lantokietan, ospa. Gaur, antzera. Izan ditugu urte batzuk, 1980ko hamarkadan-eta, zeinetan babesa zegoen langile mugimenduan. Eta, orain, berriz atzera. Beste gauza bat ere badago, sozialki eta politikoki erabili dena: jendeak halako leku batean egin nahi du lan, lan soziala dena, baina soldatarekin. Hori ez da militantzia. Militantzia borondatez egiten den hura da.

M. R.: Datuek adierazten dute gazteriak kontzientzia politiko handia duela. Borroka konkretu batzuetan: feminismoa, ekologismoa... Baina egia da langile borrokan grina hori apaltzea lortu dela. Gazte askok ez dute lan eremua borroka eremu bezala ikusten. Hori ez da kasualitatea, baina ez da patuaren kontua, subjektibotasun hori desagertzeko estrategia bat egon da.

Jesus Uzkudun eta Mikel Ruiz Oar-ArtetaGORKA RUBIO / FOKU

Jesus, zer gorputzaldi uzten dizu hori entzuteak?

J. U.: Seguru nago hala dela, baina, lantokian ez bada borrokatzen, gaizki. Kalean errazagoa da.

M. R.: Kalean ez du ondoriorik. Lanean kaleratu zaitzakete; kalean, errazagoa da.

J. U.: Hori da. Lehen, greba askotara deitzen zen tabernako kuadrillatik. Enpresa barruan pausoka-pausoka egin behar da lan, txikitik handira. Horrek pazientzia eskatzen du. Beti aldarrikatu izan dut satorraren lana; azpilanean jardun, eta gero kolpetik agertu. Enpresa txiki-txikian zailagoa da.

Euskal ekonomia aldatzen ari da, industriatik zerbitzu sektorerantz. Sektore horietan zailagoa al da langile borrokak arrakasta edukitzea?

J. U.: Bai, argi dago, baina ostalaritzan, adibidez, hoteletan logelak garbitzen zituzten emakumeen borroka bat egon da. Sektore horiek antola daitezke, eta horretara jarri behar dugu. Beti diot: langile bat sindikatura etortzen baldin bazaizu eta gustura badoa, lotu duzu betiko. Jende horren bila joan behar du, edo lantokira joan eta irteeran itxaron, hartu kafe bat, hitz egin... Arropa denda batean lan egiten duen neska batek ikusten badu borrokak fruitua ematen duela, hari esker lan baldintzek hobera egiten dutela, betirako sindikalista bat duzu.

M. R.: Gu saiatzen gara gazteen artean klase kontzientzia hori sortzen, eta sektore konkretu batzuetara joaten antola daitezen; izan sindikatuekin, gurekin, era autonomoan... Ikus dezatela lanpostua borroka eremu ere izan daitekeela, bizi baldintzak hobetzeko. Sindikatuek hausnarketa bat dute hor, euren eguneroko lan errutinatik irten eta eremu berrietara joateko premia. Izan ere, gaur egun ez bada heltzen eremu prekarioenetara, sindikatuak bere izaera gal dezake; ezin da izan burokrazia konstante bat. Badakigu sindikatuak asko dabiltzala horretan, eta espero dugu fruitua ematea. Hala ere, atzean dagoen arazo handi bat da langile gazteek ez dutela kontratu mugagabe bat ikusi bere bizitza osoan. Eta, berriz diot, behin-behinekotasun horretan ez dira inoiz antolatuko sindikatu batean.

J. U.: Bada, orduan ez dugu ezer egiterik! Zaila izango da.

M. R.: Hori da arazoa. Behin-behinekotasunak hori lortzen du.

J. U.: Mugimendu feministaren edo ekologistaren gorakada albiste oso onak dira, baina, ekoizpena gelditzeko ahalmena ez badu, langileak jai du. Orain dela 50 urte erraza al zen? Ezta inondik ere! Baina gauzak egin egiten ziren, eta, olatua indartu ahala, jende gehiago animatzen zen. Hor azpilana egin behar da.

Horren harira, Jesus, egon al zara noizbait BBK Live jaialdian?

J. U.: Ez, ez da niretzat egina, baina badakit Bilbon egiten den musika jaialdi handi bat dela.

Ba, Eraginek oihartzun handiko kanpaina bat egin zuen iaz, hango zerbitzariek orduko 3,5 euro irabazten zituztela salatzeko.

M. R.: Guri Eragineko kide batek esan zigun bertan lan egina zela, eta baldintzak horiek zirela. Eta kanpaina hasi genuen: bertan lan egiten baduzu, jarri gurekin harremanetan. BBK Liveren antolatzaileak salaketa jarri zigun bere irudia erabili genuelako. Handik astebetera, posta elektronikoa mezuz beteta genuen; langileenak, eta baita enpresa batzuenak ere, lan baldintzak salatuz. Joan ginen hara, langileekin hitz egitera, baina oso zaila da erantzun kolektibo bat lortzea. Hiru eguneko jaialdi bat da. Horrelako esperientziek agian ez dute balio kasu jakin horri erantzuna emateko, baina bai kontzientzia sortzeko. Aurtengoaren zain geunden baldintzak hobetu zituzten ikusteko.

Langile kontzientzia ezkerrarekin lotuta egon da historikoki, eta zuek ezkertiarrak zarete. Zer da ezkerra egun Euskal Herrian?

J. U.: Sindikalismora eramanda, nik ez nuke egingo konbentzituentzako bakarrik den sindikalismoa. Multzoa behar duzu, jendea. Sindikatuan ezkertiarrok egin behar dugu bultza gehien, baina kode guztiak ezin dira izan ezkertiarrak; denak ezin dira ados egon presoen egoerarekin edota erraustegiaren aurka. Sindikatuak plurala behar du, eta agian sindikatu gehiegi daude ezer aldatzeko.

«2008an, inoizko belaunaldirik trebatuena ginen, eta 2020an bere gurasoak baino okerrago biziko den aurrenekoa izatera igaro gara»

Mikel Ruiz Oar-Arteta

Ezkertiar gazteak zer dio? EH Bilduko zerrendetan egon zinen atzo zortziko hauteskundeetan.

M. R.: Niretzat ez da erraza ezkerraren definizio propio bat egitea. Esango nuke arazo indibidualei konponbide kolektibo eta integral bat proposatzen dien ideologia politiko bat dela. Irtenbide kolektibo hori justizia sozialaren eremuan eta, lanaren kasuan, aberastasunaren eta produkzio bitartekoen banaketaren bitartez langilearen eskuetara jartzen dena. Eta, egun, beste galdera batzuei ere erantzuna eman behar die; hor dago berdintasuna, ama lurraren zaintza... Nik uste dut Euskal Herrian lortzen dela hori.

Ezkerrak historikoki langile eta gazteen babesa jaso izan du. Orain espektro horietako pertsona askok eskuinari ematen diote boza.

J. U.: EAJri ematen diotenek.

M. R.: Gazteen kasuan boto joera ez da bakarrik arrazoi objektiboetatik etortzen. Sentimenduek eragin handia dute, familiaren boz tradizioak... Familiak pisu handia du botoaren norabidean, tamalez. Botoa errealitate objektibo batetik etorriko balitz, agian gauzak ezberdinak lirateke, eta ez orain bakarrik, baita duela urte batzuk ere.

J. U.: Askotan politika kudeaketa aldetik baloratzen da bakarrik, eta ezin zara horretara mugatu. Iruditzen zait ezkerretik ere ez dutela ilusiorik sortzen.

Ilusioa funtsezkoa al da ezkerrarentzat?

J. U.: Noski, ez badago ilusiorik... Nik entzun izan dut militantziaren sufrimendua kontzeptua. Sufrimendua? Alde egin, hemen masokistarik ez dugu behar. Behar dugu jendea ilusioa duena gauzak aldatzeko, eta egiten duenarekin gozatzen duena.

M. R.: Ni ados nago berarekin; gazteek ilusio falta hori nabaritzen dute. Ilusioa badago borroka konkretu batzuetarako, baina beste batzuek ez dute ilusio hori pizten. Horregatik iruditzen zait guri dagokigula langilearen eta langile borrokaren inguruko iruditeria berri bat sortzea. Jendeak ikusi dezan beraiek ere langile klasea direla, eta horren inguruan ilusio bat sortzeko. Iruditeria normalean, buzo urdindun langilea da, eta gaur egungo langilea kaleko arroparekin doa.

J. U.: Niretzat, alde horretatik, ikaragarri galdu da autodidakta izatea. Lanean jarraitu ahala trebatu eta ikastea. Formakuntza, ikasteko gosea. Ez badago goserik, norbaiten atzetik ardiak bezala joateko arriskua dago. Adibide bat, parlamentari bati esan nion, nik botoa ematen diodanari, Bildukoa...

Jesus Uzkudun eta Mikel Ruiz Oar-Arteta

 

GORKA RUBIO / FOKU

EH Bilduri ematen al diozu boza?

J. U.: Aspalditik. Nahiz eta askotan sudurra tapatuta bozkatu dudan. Aukera hoberik ez dagoelako. Baina esan nahi nuen, mugimendu sozial bat dagoenean, parlamentari han agertzea, argazkian, ondo dago. Baina nik nahi nuke parlamentari bat etortzea hona, Andoainera [elkarrizketa Andoainen egina da], non baserritarrak piperrak biltzen esklaboak dituen. Baratzera joan, prentsaurrekoa han eman. Arauak apurtzea da. Normak ez baditugu apurtzen... Eredu hori jarri dudan bezala, beste asko. Piper biltzaileak edo Bilboko musika jaialdia, bozgorailuarekin joan, eta argi esan: «Taberna honetan, arimarik ere ez!». Botoa ematen diotenen artean batzuk haserretuko egingo lirateke. Horrelako pixka bat falta da, noizean behin astindu bat.

Militantziarekin ez dela sufritu behar esan duzu lehen, eta zu horren adibide. 71 urte eta hor jarraitzen duzu, lan osasunaren alorrean, eta bereziki ASVIAMEn, amiantoak kalteturiko langileekin. Zergatik?

J. U.: Militantzia baino nahiago dut aktibismoa esatea. Militantziak militar kutsua dauka. Zergatik? Batetik, agian nire etorkizuna delako, ni ere arriskuan nago. Eta, bestetik, hori guk ez badugu egiten, zeinek egingo du? Ez al du merezi? Ni sutan jartzen naiz, Hernanira joan, eta kartela irakurri: 31 hildako lanean istripuz. Minbiziarekin hildakoak hamar aldiz gehiago dira, eta haiek? Europako Batzordeak dio amiantoak urtean 88.000 hildako eragiten dituela. Zenbat tokatzen zaizkigu guri? Niri ezkerreko hainbat jendek esan dit: «Hik fabrika pila bat itxiko dituk. Ehun, berrehun, hirurehun mila euro kalte-ordainetan... Fabrika pila bat itxiko dituk». Nik esaten diet: «Orain arte lagun asko sartu ditut lur azpian, eta hori egin dutenek ordain dezatela».

Jesusi indarra dario. Mikel, ikusten al duzu zeure burua 71 urterekin aktibismoan?

M. R.: Espero dut nire grinak 71 urte bete arte eustea, osasuntsu, eta justizia sozialaren alde borroka egiten. Jesusek bezala. Egun, pentsiodun asko ikusten ditugu, nola egiten duten borroka, eta euren lobetako askori ikasgai handia ematen ari zaizkie. Adina ez da borrokarako muga.

Pentsiodunen mugimenduan parte hartzen al duzu, Jesus?

J. U.: Parte hartzen dut. Baina pentsiodun askori nik igotzen dizkiet ordainsariak. Eta alargunak? Alargun batek kalte-ordaina jasotzen duenean, sekulako gozamena da. Hor ekonomizismoa dago; enpresek lan osasuna zainduko dute dirua kentzen badiegu. Nik egurra eman eta ordaindu behar badute, agian pentsatuko dute: «Merkeagoa da prebentzioa». Horretara behartu behar ditugu. Osalanek aspaldi ikertu zuen zenbat galtzen duen Osakidetzak lan gaixotasunak tratatu eta kontigentzia profesionalera ez pasatzeagatik. Minbizi kasu bakoitzak 40.000 euroko kostua du Osakidetzarentzat: probak, ospitalizazioa... Hori denon artean ordaintzen dugu, eta erruduna enpresa da.

Koronabirus izurritearen eskutik, beste krisi ekonomiko bat dator. Lan baldintzetan eragina izango duela uste al duzue?

J. U.: Pandemia etorri aurretik krisian geunden, hasieran. Atzeraldian geunden, ez ahaztu. Pandemiarekin hori estali ahal izan dute. Ondorenak etorriko dira. Ez dakit zenbateraino ikasi duen jendeak oraingo krisian osasunaren balioa zein den. Zer garrantzia duen osasun publiko indartsua izateak, eta inbertsio errentagarria dela. Era berean, espero dut pandemia honek ez ditzala estali beste pandemia batzuk, hor daudenak.

M. R.: 2008ko krisian, inoizko belaunaldirik trebatuena omen ginen, eta, 2020ko honetan, bihurtu gara bere gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia, gerra bat medio ez dela. Guk esaten duguna da ez dugula itzuli nahi lehengo normaltasunera. Ikusi da osasun langileen garrantzia eta ezkutuan dauden beste langile batzuena: supermerkatuko langileena... Eta, beste alde batetik, sistema honek ez duela inongo etorkizunik. Hasieran esan dugu: badago besterik. Eta orain berriz esan behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.