Literatura

Nazio kontzeptuei buruzko egia ezarrien aurka

Joxe Azurmendik zalantzan jarri du ikuspegi nazionalista frantsesaren eta alemanaren arteko ohiko bereizketa, XIX. mendeko pentsalariak ikertuz, Ernest Renan batez ere.

Joxe Azurmendi, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2014ko azaroaren 18a
18:37
Entzun

Nazioaren kontzeptu frantsesaren eta alemanaren arteko bereizketaz eta kontrajarpenaz gaur egun zabaldua eta onartua dagoen iritzia zalantzan jarri du Joxe Azurmendik Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk (Elkar) saiakera osatzen duten 626 orrialdeetan.

Iritzi zabaldu eta onartu horren arabera, nazioaren kontzeptu frantsesa «liberala izango litzateke, demokratikoa, subjektiboa, nahizkotasunean oinarritua…», Azurmendik azaldu duenez. Nazioaren kontzeptu alemana, aldiz, «hizkuntzan, tradizioan, kulturan eta azkenean beti arrazan» oinarritua legoke. «Beraz, horren arabera, egongo litzateke nazioaren kontzeptu demokratiko bat, frantsesa, Espainian PPk, PSOEketa denek defenditzen dutena edo errepresentatzen omen dutena; eta egongo litzateke nazioaren kontzeptu arrazista bat, etnikoa, erromantikoa eta abar…». Egun ezarria dagoen ikuspegi edo eskema horren iturria 1870 urtearen inguruan, gerra franko-alemanen garaian, izandako eztabaidetan dago, Azurmendik dioenez; Altsazia eta Lorrena alemanak edo frantsesak diren eztabaidatu zen garaiko eztabaidetan. Horregatik, Azurmendik garai horretako egileen lanak aztertu ditu liburuan, bereziki Ernest Renan pentsalariarenak (Landreger, Bretainia, 1823-Paris, 1892).

Onartutako eskema horren arabera zibikotzat, laikotzat eta demokratikotzat jotzen den nazionalismoak zapalkuntza, kolonialismoa eta inperialismoa jorratu eta indartu ditu urte askoan, Azurmendiren iritziz, eta gaur egun ere oinarri nagusi inposaketa eta zapalkuntza izaten jarraitzen du, neurri handi batean. Eskema zabaldu baina faltsu hori ukatzen duen lehena ez dela aitortu du Azurmendik: «[Tzvetan] Todorovek, nazio zibikoak eta etnikoak bereizita, esaten zuen nazio zibikoa dela kriminala, gerrak egiten dituena, eta sekula santan ez duela nazio etniko batek nazio zibikoek adinako txikiziorik egin. Nazio etniko batek nahi duena da bere burujabetasuna, bere kultura garatu eta abar... Baina nazio zibiko batek nahi duena da bere fronterak ezarri, bere ekonomia defenditu, aldamenekoari eraso… Beraz, arrisku handia eta desastre handia nazio zibikoak dira, eta ez nazio etnikoak; nazio etnikoek, lehenik, ezin dituztelako beste herri batzuk konkistatu, edo kolonialismora jo; eta, bigarrenik, nazio etnikoek horretarako asmorik ere ez dutelako. Hori da Todorovek zioena».

Euskal Herriko idazleen artean ere nazionalismo zibikoaren eta etnikoaren arteko bereizketak indarra izan duela, eta duela, adierazi du Azurmendik, eta Jean-Claude Larronde aipatu du adibide gisa, Sabino Aranaren biografoa, Aranaren nazionalismoa nazioaren kontzeptu alemanarekin lotu baitzuen. «Beti ari gara esaten: ‘Bai, gure nazionalismoa eredu alemanekoa da, baina ez gara arrazistak’. Zergatik demostratu behar dugu beti ez garela arrazistak? Eskema horrek obligatzen gaituelako horretara». Arana arrazista zela aitorturik ere —horretaz ez du dudarik Azurmendik—, Jose Ortega y Gasset ere arrazista nabarmena zela dio Azurmendik, baina nazionalismo espainairrari ez zaiola eskatzen arrazista ez dela frogatzeko euskal nazionalismoari eskatzen zaion neurri berean.

 

 

 

 

 

 

 

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.