Foru hauteskundeak

Akordioak Nafarroan erabakiko direla argitu du Podemosek

Oharra bidali dio Ione Belarrak Nafarroako taldeari, erabakiak lurraldean bertan hartuko direla argitzeko. Kontrakoa eman zuen aditzera igandeko elkarrizketa batean.

Pablo Iglesias, Podemosen estatuko zuzendaritza jakinarazteko ekitaldian. Zuzendaritza horretako kide da Ione Belarra. CHEMA MOYA / EFE
2014ko azaroaren 25a
07:39
Entzun

Diario de Noticias egunkariari elkarrizketa eskaini zion igandean Ione Belarra Podemoseko zuzendaritzako kide nafarrak. Nafarroan EH Bildurekin gobernua osatzeko aukeraren inguruan galdetuta, Podemosen Herritarren Estatu Biltzarraren esku utzi zuen Belarrak erabakia: "Podemoseko zuzendaritzak [Herritarren Kontseiluak] ez du akordioetarako ildorik zehaztuko. Oinarriek erabakiko dute, estatu mailan". Alegia, estatuko militante eta zaleek erabakiko dutela, Nafarroakoen ordez. Adierazpenek, antza, ezinegona sortu dute Nafarroako Podemoseko kideen artean, egunkari horrek berak argitaratu duenez. Dioenez, Nafarroako akordioak herrialdean bertan adostea nahi dute alderdiko kide nafarrek.

Horren harira, Belarrak berak Nafarroako Podemosi bidalitako gutuna argitaratu du alderdiak. Bertan, bere hitzak "gaizki ulertu" direla dio Belarrak. Alderdiaren Batzar Eratzaileko dokumentuetan oinarrituz, "akordio elektoralak Podemoseko lurralde bakoitzean izena emana dutenen artean erabakiko" direla dio, alegia, Lurraldeko Herritarren Batzar bakoitzean. Belarrak dio bere hitzekin "indartu" nahi zuena zela Herritarren Kontseiluek —alegia, batzarraren gainetik lurralde bakoitzean dagoen organoa, zuzendaritza modukoa— ez dituztela itunen inguruko erabakiak hartuko, batzarrek baizik. Edonola, erabakiak estatu mailan hartu ahal izateko "salbuespena" ere aurreratu du Belarrak: "Akordio batek Podemos osoaren interes orokorraren aurka egiten duenean, Herritarren Estatu Biltzarrak hartuko du erabakia". Azkenik, bere elkarrizketatik eratorritako "nahasmena" sentitzen duela esan die Belarrak Nafarroako kideei.

Nafarroako Podemosek ere txio bidez argitu nahi izan du erabakiak, hartzekotan, lurraldean bertan hartuko direla.


Navarrometro inkestak eta Eusko Jaurlaritzaren azterketek Podemosen indarra aurreikusi dute. Nafarroako kasua izan da adierazgarriena: hauteskundeak irabaziko lituzke alderdiak, hemezortzi eserleku lortuta. Nafarroako Parlamentuak eskatutako inkestari erabateko sinesgarritasuna inor gutxik aitortu badio ere, joerak aintzat hartu dituzte alderdi politiko guztiek. Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako presidentetzarako hautagaiak adierazi du koalizioa Podemosekin hitz egiteko prest dagoela, "Nafarroan bazterketarik gabeko aldaketa sozial eta politikoa" bermatze aldera. Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak ere onartu du Podemosekin programan "kointzidentziak" egon daitezkeela, eta, alde horretatik, ez du akordiorik baztertu.

Belarraren adierazpenek, halere, "ezjakintasuna eta zalantzak" sortu zituzten Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkidearengan. Haiekin hitz egiteko eta negoziatzeko prestutasuna berretsi zuen, "nafarren erabakitze eskubidea gauzatzeko prest" baldin badaude behintzat, baina onartu zuen argitu gabe dagoela Podemosek Hego Euskal Herrian hartuko duen jarrera: "Ez dakigu aldarrikatzen dituzten proposamen ideologiko eta pragmatikoak zeintzuk diren. Nafarroarako eta Euskal Herrirako proposamenik ez dugu ezagutzen, eta ez dakigu benetan erabakitze eskubidearen aldeko apustua egingo duten". Alde horretatik, auzi horiek argitzeko eskatu zion Uberak Podemosi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.