gatazketako berriemaileak (II). Monica Bernabe

"Bakardadean irentsi behar duzu ikusitakoa"

Kazetari Afganistanen jardun edo Bartzelonan jardun, "arriskua" da alde bakarra, Bernaberen iritziz; atzerritarra izateagatik bahitua izateko arriskuaz ez ezik, sexu abusuen itzalaz ere ohartarazi du. BERRIAk gaurko alean argitaratutako elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Monica Bernabe. MIGUEL MENDIGUTXIA
Jon Rejado.
2014ko azaroaren 30a
12:58
Entzun

Zazpi urte dira Monica Bernabe (Bartzelona, 1972) Kabulen bizi denetik. 2007an El Punt egunkaria utzi, eta Afganistango egoera kontatzeari ekin zion, freelance moduan. Ordutik hamaika hedabiderekin lan egin du: El Mundo, RNE, RAC1, Canal Sur... Kazetaritzan aritzeaz gain, hango emakumeen eskubideen aldeko erakunde bateko presidentea da. Azaroaren 6an Gasteizen izan zen, Gervasio Sanchez argazkilariarekin batera egindako Mujeres en Afganistán liburua (Emakumeak Afganistanen) aurkezten.

Nola hasi zen zure harremana Afganistanekin?

Bartzelonan nengoela, 2000. urtean, ekintzaile afganiar bat elkarrizketatu nuen. Emakume horrek gonbidatu ninduen Pakistango errefuxiatu afganiarren eremuak ezagutzera. Handik sartu nintzen Afganistanen. Ez nuen kazetari gisa bidaiatu; erregimen talibana zer zen ikusi nahi nuen, hori baino ez. Bidaia horren ondorioz, Afganistango emakumeak laguntzeko elkarte bat sortu nuen; gerora profesionalizatu da. Dena den, elkarteari esker, herrialdearekiko loturari eutsi nion, eta urtean behin joan nintzen hara, oporretan. 2006an sei hilabete eman nituen han, probatzeko, eta 2007an han bizitzen jarri nintzen, berriemaile gisa.

Lehenengoz joan zinenetik, bilakaera ikusteko aukera izan duzu. Lan egiteko modua aldatu da?

Ikusi dut, bai, eta egindako bidaiei esker azken hamalau urteetako gertakarien ikuspuntu argia lor daiteke. Lan egiteari dagokionez, han bizitzen jarri nintzenerako arazo larria zen bahitua izateko arriskua, eta gaur egun iraun du. Hiri handietan lan eginez gero, iparraldeko hirietan bereziki, ez da arazo handia; are gutxiago emakume afganiarrez jantzita bazoaz. Landa eremuetara ateratzean, handitu egiten da bahitua izateko arriskua; ez soilik talibanek bahitua izatekoa, baita dirua irabaz dezakeela pentsatzen duen edozein taldek bahitua izatekoa ere. Hori da arazo nagusia Afganistanen, atzerritarren kasuan. Bestetik, kezkagarria da errepideetan lurperatutako pertsonen kontrako minen presentzia ere.

Afganistango emakumez jantzita zoazela diozunean...

Goitik beherako tunika beltz batekin noa, eta zapi bat buruan. Errepidez bidaiatzeko, landa eremutik, burka janzten dut. Emakumezkoek burka eramaten dute eremu horietan, eta oharkabean pasatzeko aproposagoa da.

Emakume izateak baldintzatzen al dizu kazetari lana?

Alde onak eta txarrak ditu. Afganistan herrialde matxista da, eta begirune berezia diete emakumeei. Norabait bazoaz baimenik gabe, elkarrizketarik hitzartuta eduki gabe, itsusitzat jotzen dute zu kanpoan uztea. Zuzentasun matxista horrekin tratatzen zaituzte, eta horretaz balia zaitezke. Emakume izateak beste emakumezkoekin hitz egiteko modua ematen dit, gizonezko batek ezin izango lukeen testuinguruan. Kamuflatzea ere errazagoa da, burka jantzita ezin baita jakin atzerritarra zarenik.

Eta aurka?

Ni naizela emakumezko bakarra gizon askoren artean. Gehiengoa gizonak diren lekuan, sexu abusuena da arrisku nagusia edozein emakume kazetarirentzat, eta arreta handiz jokatu behar duzu. Zure jokabidea, janzteko modua, nondik mugitzen zaren, zer egiten duzuna, zer esaten duzun... Ostatu batera bazoaz, eta hango emakume bakarra bazara, zaindu behar duzu zer egiten duzun: gela barruan bazkaldu...

Atzerritarra izateak eragina ba al du?

Horrek ere alde onak eta txarrak ditu. Atzerritarra zaren heinean, dirua lortzeko baliabidea zara. Bahitu zaitzakete. Afganistanen landa eremura bidaiatzea erraza da; zailena itzultzea da. Burka baten azpian joanez gero, inork ez daki nor zaren, baina bertan informazioa biltzen hasten zarenean badakite emakume atzerritar bat dagoela, errepide beretik itzuliko dela, zein den haren autoa... Ordea, emakume atzerritarra izateagatik, bertakoei baino askatasun handiagoa aitortzen didate. Aurreko adibidea erabilita, gizonak baino ez dituen ostatu batean emakume afganiar bat egonez gero —oso arraroa bada ere—, prostitutatzat joko lukete, zuzenean. Emakumea atzerritarra bada, bakarrik egotea ulertzen ez badute ere, zuzentasun handixeagoarekin tratatuko dute.>

Gobernu aldaketekin zerbait aldatu da?

Talibanen garaian, atzerriko oso hedabide gutxi zeuden Afganistanen, eta herrialde barruan talibanen irratia zen hedabide bakarra. Erregimen talibana erori ostean, atzerritarrak salbatzaileak izango bagina bezala hartu gintuzten, bai zibilak, bai militarrak. Egoera hori hondatuz joan da, talibanak suntsitzeko AEBetako Gobernua aliatu baitzen hainbat gerra jauntxorena, eta boterea haien eskuetan utzi dute. Jauntxo horiek dira gaur egun dagoen ustelkeriaren hazia, neurri handi batean. Horren ondorioz, jendearen ilusioa desagertuz joan da; are gehiago, amorru bihurtu da, zigorgabetasunaren kultura areagotu delako. Atzerritarren aurkako amorrua handitu egin da. Kazetari gisa egoera asko aldatu da erregimen talibanaren bukaerarekin. Agian hori izan da aldaketarik handiena, hedabide asko agertu baitira; Kabulen 23 telebista kate daude egun, dozenaka irrati... Egunkari askorik ez dago, biztanle asko ez baitaude alfabetatuta.

Nolakoa da lan instituzionala? Aldaketek baldintzatu al dute?

Hasieran zailagoa zen; gaur egun hobeto funtzionatzen du, baina kaos handia dago. Iturri ofizialak lortzea zaila da, eta informazio agentziek erraztasun handiagoa izan ohi dute hori eskuratzeko. Kaleko lanean zentratzen naiz, hori baita, hain zuzen ere, nik bertan egonda egin dezakedan ekarpena.

Nola saltzen dizkiezu gaiak Mendebaldeko hedabideei?

Ni freelance naiz, baina, batez ere, El Mundo egunkariari saltzen dizkiot nire artikuluak. Ezin naiz kexatu, nahiko kasu egin baitidate azken urteetan. Horri esker mantentzeko aukera izan dut. Nolanahi ere, freelance gisa beti bizi zara larritasunarekin. Bi aste igarotzen direnean ez baduzu ezer saldu, urduri jartzen hasten zara. Gainera, ez dago erabat zure esku, nazioartean gertatzen diren gauzen menpe baitzaude. Estutasun ekonomikoa badago, baina freelance izateak askatasuna ematen dizu zehazteko nora zoazen.

Eskaintza eta eskari horretan, zure etikari muzin egin al diozu testuren bat saltzeko?

lukainkaren bat ere idatzi behar izan dut, bizi behar duzulako. Istorioak bilatzeko, estrategia bereziak erabiltzen ditut. Azken testua nazioartean argitaratu badut, hurrengoa kulturarako bilatuko dut, edo elkarrizketa bat...

Prentsa, irratia, telebista... Medioaren arabera ezberdin egiten duzu lan?

Alor guztietan mugitzen naiz. Bartzelonan lan egiten nuenean, prentsarako baino ez nuen idazten. Afganistanen argazkiak ateratzen hasi nintzen, testuaz gain argazkia ere saltzen badizkiezu gehiago irabazten duzulako. Gerora irratiekin kolaboratzen hasi nintzen, eta, geroago, bideoak egiten hasi: editatu... Prentsako kazetaria naiz, baina denetarik egiteko gai naiz; bizirik irauteko baliabide ekonomikoak behar dituzunean, serio jarri behar duzu.

Eta teknologia berriak?

Hiri handietan Internetera konektatzeko aukera dago duela bi urtetik hona, eta hori oso lagungarria gertatu zait lan egiteko.  Twitter, adibidez, baliagarria da jakiteko non gertatu den eraso bat, atentatu bat... informazioa jasotzen eta zabaltzeko. Ez kazetaritza egiteko, baina bai lan batzuk jakinarazteko, eta non dauden azaltzeko.

Ondo ordainduta al dago?

Ezin naiz kexatu. Pribilegiatua sentitzen naiz, gauzak ondo atera zaizkidalako; ez naiz aberastu, baina ez dut mantentzeko arazorik. Dena dela, segurtasun falta hori bertan dago beti. Nik hilabete honetan Afganistan utzi dut, eta, ondorioz, ez dut ezer kobratuko. Horrek etengabeko tentsioa eragiten dizu; hori da arazo nagusia, nire ustez.

Zenbateraino da garrantzitsua kazetariak egotea gatazka eremuetan?

Zenbat eta informazio gutxiago, orduan eta zigorgabetasun handiagoa egongo da, eta gehiegikeria gehiago. Guda batean gertatzen dena kontatuta ez dugu guda hori geldituko, baina gehiegikeria horren basatia izan ez dadin lagundu dezake.

Gehiegikeriara ohitzen ari al gara?

(Isilune handia) Nire ustez, jendeari ez dio axola zer gertatzen den bere etxetik urrun. Orain hemengo kezka da Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa nola eragin diezaiekeen etxean. Hori da kezka. Berdin digu munduaren beste mutur batean umeak, emakumezkoak edo gizonak hiltzen badituzte. Informazioak zerbaiterako balioko duen? Ni kazetaria naizen aldetik, horren berri eman behar dut; gero norbera askea da nahi duena egiteko horrekin. Horrez gain, beste munduaren beste muturrean gertatzen den hori hemen ere gerta daiteke; inor ez dago gatazkan egoteaz salbuetsita, eta egoera noiznahi iraul daiteke. Oso zentratuta bizi gara gure bizitzan, eta ez gara ohartzen munduan zer gertatzen den. Agian Afganistanen horrenbeste denbora eman izanak, herrialdea nola hondatzen ari den ikusteak, ezkor bihurtzen zaitu; frustrazio handia pilatzen duzu. Galdetzen badidazu ea nire lanak zerbaiterako balio izan ote duen...Ba, ez. Ez du ezertarako balio izan, eta ez du ezertan lagundu, baina garrantzitsua zen jakinaraztea zer gertatzen ari zen Afganistanen. Gerora inork ez dezala esan ez zekiela zer gertatu zen bertan.

Egoera hondatuz joan dela esan duzu... Prozesuak kontatzea garrantzitsua al da?

Bai, noski. Paraxutista-kazetaritzak ez du zentzu handirik: gatazka lekura joatea, hamar egun bertan ematea lanean, eta alde egitea, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Horrek ez du zentzurik. Ez duzu lekua ezagutzen, ez dakizu zein den testuingurua, eta ez zaude gerora egoeraz kezkatuta. Garrantzitsua da jarraipena egitea, kazetariak berak egoerak alderatu eta ulertu ditzan.

Mitifikatuta al dago gatazka egoeretan dauden kazetarien lana?

Nik ez dut neure burua gerra berriemailetzat edo halako tontakeriatzat hartzen. Ni kazetaria naiz, besterik ez. Nik aukeratu nuen hara joatea. Horren aurretik El Punt egunkarian egin nuen lan, katalanez idazten; bertan soldata nuen, txikia, baina soldata. Ordea, nik erabaki nuen Afganistanera joatea. Askotan galdetzen didate alderik ote dagoen lan egiteko moduen artean; nik berdin-berdin egiten dut lan. Kalean mugitzen naiz, eta informazioa bilatu. Afganistanen kontu handiagoa izan behar duzu, baina kazetari lana bera da mundu guztian. Mitifikatu ote den? Alde batetik, irudi ameslari bat egon daiteke, nik neuk garai batean ere izan nuena. Bestetik, askok pentsatzen dute gerra batean lan eginez gero ospea irabazten duzula, baina modan jarri dira kontatutakoaren protagonista bihurtu diren kazetariak, benetan zer gertatzen ari dena kontatzen ez duena. Ez zait gustatzen protagonista sentitzea. Horrez gain, Afganistanen zazpi urte eman ostean, sei hilabetez ez badut ezer idazten, jendea nitaz ahaztuko da.

Eta gatazken berri taldeka emateari zer deritzozu?

Lan egiteko modu hori asko erabiltzen da. Guda bat dago nonbait; kazetari tropela doa hara, eta ia-ia denok gauza bera lantzen dute. Hori atseginagoa izango da. Afganistanen eman ditudan zazpi urteetan, han iraun duen Espainiako Estatuko kazetari bakarra izan naiz. Herrialdearen eta egoeraren gogortasunaz gain, bakardadearen gogortasuna ere oso handia da. Munduaren beste muturrean zaude, inorekin harremanik izan gabe, eta zuk bakarrik jan behar duzu ikusitakoa edo bizi izandakoa. Idealizatuta egon daiteke: zer polita, zer ausarta... baina jendeak ez daki zer den hori. Bakarrik jasan behar duzun bakardade bortitz hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.