MUNDUA

Palestina estatu gisa onartzearen alde egin du Frantziako Asanbleak

339 diputatuk bozkatu dute PSk aurkeztutako mozioaren alde, eta 151k kontra. Hamasei abstenitu egin dira. 135 estatuk onartu dute Palestina estatu independente gisa.

Frantziako Asanblea, Palestina estatu gisa aitortzeko mozioa bozkatu ostean. ETIENNE LAURENT / EFE
2014ko abenduaren 2a
07:40
Entzun

Frantziako Asanbleak gobernuari eskatu dio aitor dezala Palestina estatu gisa. Mozioa onartzeak ez du Francois Hollanderen gobernua horretara behartzen.

Suediak erein zuen hazia orain dela hilabete: estatu independente gisa onartu zuen Palestina. Ez da oharkabean igaro erabakia. Israel kontu eske joan zitzaion, eta Palestinak, ordea, txalotu egin zuen. Erresuma Batuko Parlamentuak eta Irlandakoak ereduari jarraitzeko eskatu zioten haien gobernuei, eta azaroaren 18an aho batez onartu zuen Espainiako Kongresuak Palestina estatu gisa onartzeko mozioa. Gisa horretako proposamen bat Europako Parlamentura hel liteke abenduan zehar.

Ia ezkerreko eta zentro-ezkerreko diputatu guztiek babestu dute proposamena, eta baita UMP eskuindarreko eta UDI zentristako batzuek ere. Bi alderdietako ordezkari gehienek, ordea, aurka bozkatu dute. Abenduaren 11n Senatuan bozkatuko dute antzerako proposamen bat.

Federica Mogherini Europako Batasuneko diplomazia buruak Palestinaren aitortzaren alde egin du, bake prozesua desblokeatzeko tresna gisa. Sozialistek argudiatu dute Frantziak eta Europako Batasunak behin eta berriz defendatu dutela bi estatuen formula gatazkaren irtenbide gisa. UMPk, berriz, uste du ez dela une egokia aitortza hori egiteko.

Protestak izan dira asanblearen atarian; dozenaka lagun elkartu dira bertan aitortzaren kontra, Palestina estatu "terroristatzat" joz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.