energia

Brent upela 60 dolarretik behera balio du, lehen aldiz 2009az geroztik

Ekainaz geroztik balioaren %45 galdu du petrolioak, gehiegizko eskariak eta uste baino eskaintza apalagoak eraginda.

Iker Aranburu.
2014ko abenduaren 16a
11:19
Entzun

Londresko merkatuan 59,78 dolarretan salerosi da gaur goizean datorren urtarrilean banatu beharreko Brent upela, atzoko saioa amaitutakoan baino %2 gutxiago. Udaz geroztik bere balioaren ia erdia galdu du petrolioak. Ekainaren 19an 115 dolarretan salerosten zen.

Brent upela ez ezik, AEBetako erreferentziazko petrolioaren (West Texas) prezioa ere amiltzen ari da.

Adituek uste dute are gehiago merkatu daitekeela petrolioa hurrengo asteotan, eta 50 dolarren bueltan gera daitekeela.

Hainbat faktorek azaltzen dute petrolioaren merkatzea. Bata da eskaria uste baino txikiagoa izaten ari dela, Europako geldialdi ekonomikoari batu egin zaiolako Txinaren hazkundearen moteltzeari.

LPEEren ezezkoa

Eskaintzari ere erreparatu behar zaio. Azken bi urteotan handitu egin da petrolio ekoizpena, Ipar Amerikan batez ere: fracking-ari esker, AEBak munduko ekoizle handiena bilakatu dira,  eta Kanadak bere ekoizpena %30 handitu du olio bituminosoen bidez. Horri batuz gero herrialde gatazkatsu batzuetan (Irak, Libia) ekoizpenak berriro gora egin duela, merkatuak behar duena baino eskaintza handiagoa du.

Gehiegizko eskaintza dagoenean ohikoa izaten da ekoizpena mugatzea, hartara prezioei eusteko, Baina petrolio ekoizleek ez dute iturria itxi nahi, dela haren menpekotasun handia dutelako (Venezuelak edo Errusiak), dela lehiakideak merkatutik bota nahi dituztelako. Azken horren alde egin zuen Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak, joan den azaroaren 27an egindako bileran. Egunean 30 milioi upelen ekoizpenari eustea erabaki zuen, uste baitu prezio merkeagoekin ez dela errentagarria izango petrolioa ezohiko teknikekin ateratzea (fracking-a edo olio bituminosoak) edo baldintza klimatiko edo geografiko zaileko lekuetan (Errusiaren menpeko Artikoan).   

Erregaia ere merkeago

Motelago bada ere, behera doa ere petroliotik eratorritako erregaien prezioa. Ekainean, batez beste, 1,30 eurotan saltzen zen gasolioa Euskal Herrian, eta orain 1,12-1,15  bueltan dago. Are gehiago merkatu da gasolina: ekainean, 1,41 eurotan zegoen Hego Euskal Herrian eta 1,51 eurotan Ipar Euskal Herrian, eta orain 1,20tik behera dago.

Erregaiak, beraz, %15  eta %20 artean merkatu dira, petrolioaren erdia baino gutxiago.   

Hiru dira petrolioaren merkatuko gorabeherek ez izatea isla zuzena erabiltzaileen patriketan. Bata da erregaiaren kostuaren zati bat baizik ez dela petrolioa. Urre beltza putzutik ateratzen denetik autora sartzen den arte kostu nahiko finkoak dituzten hainbat prozesu jasaten ditu: findegira eraman behar da, findu, biltegiratu, banatu... Prozesu horretan, erregaiaren prezioa igotzen duten faktore asko daude, hala nola aktoreen irabazi marjinak, aseguruak eta zergak. Zergak, berez, erregaiaren azken prezioaren errudun nagusiak dira. Hidrokarburoen zerga bereziak eta BEZa batuz gero, ogasunen kutxara doaz gasolindegiko langileari emandako bi eurotik bat. Iparraldean ezantza garestiago izatearen arrazoietako bat da, hain zuzen ere, zergetara %57 doala.

Beste faktore bat euro-dolar kotizazioa da. Azken hilabeteotan euroak bere balioaren %10 galdu du dolarrarekiko, eta petrolioa dolarretan ordaintzen denez, eurotan jaitsiera ez da hain handia.

Hirugarren faktorea petrolio konpainien prezio politika da, sarritan 'suziri-luma efektua' izenarekin definitutakoa: petrolioaren garestitzea automatikoki ezartzen dute, baina jaisten hasteko denbora gehiago hartzen dute. Praktika horrengatik, ikerketa zabaldu die Espainiako Lehia Batzordeak, ohartu baita udaz geroztik handitu egin direla petrolio konpainien irabazi marjinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.