KATALUNIA INDEPENDENTZIARAKO BIDEAN

Kataluniako Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du Artur Masen kontrako kereila

Azaroaren 9ko galdeketarengatik hainbat delitu egitea egotzi zioten. Presidentearekin batera, Joana Ortega eta Irene Rigau inputatu dituzte.

Artur Mas eta Joana Ortega, azaroaren 9 gaueko agerraldian. MARTA PEREZ / EFE
2014ko abenduaren 22a
15:47
Entzun

Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea, Joana Ortega presidenteordea eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren aurkako salaketak tramiterako onartu ditu Kataluniako Auzitegi Nagusiak.

Lau orduko bileraren ostean hartu dute erabakia aretoko sei epaileek. "Ustezko desobedientziari lotutako gertakariak" ikertuko dituzte. Azaroaren 9an Kataluniako etorkizunari buruz eginiko prozesu parte hartzailean ustez eginiko delituengatik salatu zituzten. Rigau, ikastetxeetan kontsulta egiteko baimena emateagatik. Desobedientzia eta prebarikazioa egitea, eta funtsak bidegabe erabiltzea leporatu zieten hirurei.

Zazpi kereila eta 25 salaketa aurkeztu ziren azaroaren 9ko galdeketaren harira, eta baztertu egin dituzte, besteak beste, Kataluniako Parlamentuko presidente Nuria de Gisperten edo gobernuko hainbat kideren kontra aurkeztutakoak. Kereila guztiak bakarrean bilduko ditu auzitegiak, eta ikertuko du Kataluniako Gobernuak desobedientzia deliturik egin ote zuen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatu ostean.

Espainiako fiskal nagusi ohi Eduardo Torres-Dulcek behartu zuen kereila aurkeztea Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, erakunde horretako fiskalek hala egitea baztertu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.