'CHARLIE HEBDO'-REN AURKAKO ERASOA

Astekariak edizio berezia aterako du asteazkenean, eta milioi bat ale banatuko ditu

Milioi bat aleko edizioa izango da, eta zortzi orrialde izango ditu.

2015eko urtarrilaren 8a
07:12
Entzun

Atzoko atentatuak ez du Charlie Hebdo astekaria isilduko. Richard Malka abokatuak jakinarazi duenez, datorren asteazkenean edizio berezi bat argitaratuko du, eta milioi bat ale banatuko dituzte. Normalean 60.000 ale izaten dituzte Charlie Hebdo aldizkariko zenbakiek.

Malkak azaldu duenez, beste hedabide batzuen laguntza jaso dute edizio berezia argitaratzeko, batik bat Canal + eta Le Monde-rena, eta idazketaren ardura Liberation-ek hartuko du. Les Echos ekonomia egunkariak azaldu duenez, Prentsa eta Aniztasuna funtsetik 250.000 euro bideratuko dituzte zenbaki horretara. Funtsa Frantziako prentsa editoreek kudeatzen dute, eta irakurleek ematen duten diruaren onura fiskaletatik ateratzen dute.

Editoreek, gainera, Google bultzatu dute beste hainbeste euro emateko zenbaki horretarako. Google News albiste agregatzailea elikatzearen truke, Googlek funts bat sortu zuen prentsa idatzizko hedabideei euskarri digitalera pasatzen laguntzeko, eta hortik aterako da dirua.

Frantzian egunkariak banatzeaz arduratzen den enpresak, Presstalisek, doan banatuko du, gainera, zenbaki hori.

Erasoa astekariari

Charlie Hebdo astekari satirikoa bete-betean jo dute. Beste behin. Atzo goizeko erasoan, baina, inor gutxik pentsa zezakeen bortxaz egin dute aldizkariaren aurka. Errukirik gabe bete dute helburua erasotzaileek. Bi lagun sartu dira astekariaren egoitzara, 11:30 inguruan, burua estalita eta beltzez jantzirik, kalaxnikov arma automatikoak eskuetan. Hamar kazetari eta egoitzan zegoen polizia hil dituzte, tartean Stephane Charbonnier zuzendaria, Charb. Haren bizkartzaina zen polizia. Ihesean beste polizia bat hil dute. Beste zortzi lagun zauritu dituzte; horietako lau oso larri daude. Azken urteetan Frantzian izandako atentaturik larrienetakoa da.

Beirak ilundutako Citroen beltz batean iritsi dira hiru erasotzaileak Charlie Hebdo-ren egoitzara, Paris hiri barnean. Bat autoan geratu da, eta, antza denez, ez du tiroketan parte hartu.

Ongi prestaturiko erasoa izan da. Atzo goizean, asteazkenero moduan, asteroko bilera egiten ari ziren aldizkari satirikoko zuzendaritzakoak. Hamar minutu inguru iraun du tiroketak, eta Frantziako hedabideek aipatutako lekukoen arabera, hainbat kazetari izen-abizenez bilatu dituzte. Argitalpeneko aurpegi ezagunenen bila joan dira, ahalik eta min handiena egitera. Baina bereziki Charb zen haien helburua. Ikerketako iturriek Libération egunkariari azaldu diotenez, behin baino gehiagotan galdegin dute zuzendariarengatik. Charb ez ezik, sona handiko beste hiru marrazkilari daude hildakoen artean: Bernad Verlhac Tignous, Georges Wolinski eta Jean Cabut Cabu.

Frederic Boisseau, Franck Binsolaro, Elsa Cayat, Philippe Honore, Bernard Maris, Ahmed Merabet, Mustapha Ourrad, Michel Renaud dira beste hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.