Ikus-entzunezkoak

Irati Gorostidiren 'Baga, Biga, Higa' bideoa aurkeztu du Mikel Laboa Katedrak

Manuela Carretta dantzari italiarra Mikel Laboaren izenburu bereko lekeitioan oinarrituta sortu duen koreografia dantzatzen erakusten du.

Irati Gorostidi, Manuela Carretta dantzaria eta Juan Gorostidi ekoizlea, "Gernika Lemoizen" dantza emanaldiaren aurkezpenean. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko urtarrilaren 14a
15:17
Entzun

Manuela Carretta dantzari italiarra Mikel Laboaren Baga, Biga, Higa kantuan oinarrituta dantzan erakusten duen bideoa aurkeztu du gaur Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak. Irati Gorostidik zuzendu du bideoa,  eta Juan Gorostidi izan da ekoizlea. Carretta Laboaren kantu batean oinarritutako koreografia bat dantzatzen erakusten duen hirugarren bideoa da Baga, Biga, Higa. Lehena Fiorenzo Zancanen produkzio bat izan zen, Laboaren Orreaga kantuan oinarritua; bigarrena Irati Gorostidik zuzendu zuen, Laboaren Gernika kantuan oinarrituta. Dantzari flamenko garaikidea da Carretta, eta berak sortuak dira hiru bideoetako koreografiak.

Irati Gorostidik zuzendutako aurreko lana, Gernika-n oinarritutakoa, iazko apirilean estreinatu zen, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Gernika Lemoizen dantza emanaldian. Bideo horretan Lemoizko zentral nuklearra sortzeko egindako eraikinaren hondakinen artean egiten du dantza Carrettak. Bideo  hori ikusteko aukeraz gain, Carretta zuzenean dantzatzen ikustekoa ere eskaini zuen ekitaldi hark.

Gorostidiren bi bideoek Mikel Laboa katedraren laguntza jaso dute. Gaur aurkeztutakoak —Baga. Biga, Higa— arte-sormena bultzatzeko laguntza jaso zuen, iazko deialdian, ikus-entzunezkoen arloan. Dantza arloko beka Ibon Salvadorrek jaso zuen, amaitzear duen eta aurki aurkeztuko duen koreografia bat egiteko.

Baga, Biga, Higa Laboak jendaurrean kantatu zuen lehen lekeitioa da, eta sortu eta kantatu zituen guztien arteko ezagunena. Harekin abiatu zuen gerora bere ibilbidean oso emankorra izango zen  ildo esperimentala, lekeitioena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.