Parekidetasuna

Kirol albisteetatik %8,56 soilik dira emakumeen jardunari buruzkoak

Prentsa idatziko hamar hedabide aztertu ditu Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak. Andreen kirolari buruzkoetatik, albiste laburrak dira gehienak. Soilik andreei buruz aritzen diren berriak ez dira %5era iristen.

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzaren Kirol eta Gazteria zuzendaria, eta Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako kirol teknikaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena.
2015eko otsailaren 20a
11:06
Entzun

Zertxobait igo da emakumeen presentzia kirol albisteetan, baina oso urria da oraindik. Ondorio hori atera du Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak. Urtebete lehenago egindako azterketarekin alderatuta %3 inguru igo dela azaldu dute Jon Redondo Kirol zuzendariak eta Dorleta Ugalde Kirol Zuzendaritzako teknikariak.

Aste bakarreko berriak aztertu zituzten iaz, eta aurten zabaldu egin dute epea: 2013ko eta 2014ko lau aste aukeratu dituzte, lau hilabete ezberdinetakoak. 15.316 albisteetatik, 1.280 dira andreen jardunaren ingurukoak.

Ikusgarritasun erreala, ordea, are txikiagoa dela ohartarazi du Redondok. "Tituluak soilik irakurtzen dituen gizarte honetan", emakumeei buruzko berrien %16,2 soilik nabarmentzen dira orrialdeko albiste nagusi gisa. Azaletara iritsitako kirol albisteetatik, %4,11 dira andreenak. Emakume kirolariak aipagai dituzten albisteetan, hirutik batek bakarrik darama haien argazkia. Hedabide batzuetan ohikoa da, esaterako, albiste bateko azken hiruzpalau lerroak ematea emakumeen kirolari.

Azterketa kualitatiboa

Trataera ere aztertu dute, eta adibide batzuk eman: izenez soilik aipatzea tituluetan emakume kirolariak; kontziliazioaz aritzean, familiaz galdetzea andreei eta lanaz gizonei; itxura fisikoa nabarmentzea kirol jarduna nabarmendu beharrean; gorputzaren erabilera merkantilista egitea...

Euskal Herrian argitaratzen diren zortzi egunkari daude aztertutakoen artean; beste biak Espainiakoak dira, kirolean espezializatuak. Azken horietan, are txikiagoa da andreen presentzia. Txostenean ez dituzte jaso hedabide bakoitzaren datuak, Redondoren hitzetan helburua ez delako "bati edo besteari begiratzea", baizik "kontzientziazioa bultzatzea".

Oro har, "presentzia kuantitatibo eta kualitatibo eskasa" nabarmendu dute ondorio gisa: gizonak agertzea bermatua dago, baita denboraldi-aurrean ere; emakumeak, aldiz, emaitzek baldintzatzen dituzte. Eta emaitzak hobeak izan arren, nabarmen gutxiago agertzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.