Autogobernurako lantaldea

Jauregi: "Espainiako Konstituzioak ez du sekula onartuko autodeterminazioa"

EAE eta Kataluniaren "ezaugarri bereziak" aitortuko dituen Konstituzio baten alde egin du PSOEko eurodiputatuak Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean. Espainiako Konstituzioaren erreforma aurten egitea aurreikusten zela azaldu du, baina atzeratu egin dela asmoa.

Ramon Jauregi, PSOEko eurodiputatua. ISMAEL HERRERO / EFE
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko otsailaren 25a
09:21
Entzun

Espainiako Konstituzioari egin beharreko edozein erreformak "adostasunean" oinarritu behar du, eta ez banaketan. Hala ohartarazi du Ramon Jauregi eurodiputatu sozialistak autogobernuari buruzko lantaldean eginiko agerraldian.

Haren esanetan Espainiak hiru aukera ditu egungo testuinguruan: erkidegoen eskumenak zentralizatzea; independentisten bidea, Jauregiren iritziz, ez litzatekeena bideragarria Europak ez lukeelako onartuko eta ondorioak "eraman ezinak" izango liratekeelako euskalherritarrentzat; eta hirugarrena erkidegoen autonomia "berritu eta hobetzea", federalismorantz joaz.

Bide horri eustea proposatu du eurodiputatuak, proposamen landua aurkeztuta. Konstituzioari egingo lizkiokeen aldaketa zehatzak azaldu ditu lantaldean, bide horri eutsiko zaiola ziurtzat jota.

Espainiako Senatuaren izaera aldatzea proposatu du, esate baterako. Alemaniakoa hartu du eredutzat. Gaur egun Espainiako Senatua osatzen duten ordezkariak alderdietako kideak direla ohartarazi du; ez dutela erkidegoetako ordezkari gisa jokatzen. "Ez du zentzurik". Hortaz, osaera goitik behera aldatu, eta Senatua erkidegoetako gobernuek edo legebiltzarretako ordezkariek osatzea proposatu du. Senatu berri horrek funtzio legegile handiak izango lituzkeela adierazi du, eta aldaketak "garrantzia handia" izango lukeela.

Ekonomikoki kupoaren aldeko apustua egin du Jauregik. "Ez dago modu hoberik". Konstituzioak bide hori onartu eta liskarrak saihestu behar liratekeela uste du.

"Inguruko erkidegoekiko" harreman motak aldatzeko beharra ere plazaratu du PSOEren eurodiputatuak. Konstituzioak malguagoa izan behar lukeela esan du, eta, EAE eta Nafarroaren arteko harreman estuagoak onartu behar lituzkeela, esaterako.

Erkidegoek Europako Batasunean zeregin zuzena izateari ere garrantzia eman dio, eta "estatuko gaietan" parte hartzea izateari ere bai. "Leialtasuna eta elkarlana" jarri ditu horretarako oinarri.

Jauregik azaldu duenez, erreforma aurten egitea zen Espainiako estamentu askotan zegoen asmoa. Prozesua urte hasieran abiatu, eta datorren urterako Konstituzio berria martxan egotea. Urte aproposa zela dio. Izan ere, Konstituzioaren erreforma erreferendum bidez onartu behar litzateke, eta Espainiako Kongresua desegin behar litzateke.

Hala egin eta azaroa edo abenduan hauteskundeak egitea zen egokiena Jauregiren hitzetan. "Gauzak pilatu" egin dira, ordea, eta PPri ez zaio iruditu "momentu egokia". Hortaz, prozesua dezente atzeratuko dela aurreikusten du PSOEkoak. "Gobernu berriak ez du nahiko osatu eta berehala desegin". Gauzak horrela 2018 urte ingururako espero du aldaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.