hondakinak

Bilboko Udalak dio Artigas inguruak garbi daudela

BERRIAk jakin duenez, ordea, plastikoz betea agertu zen ingurua garbitu gabe dago oraindik, plastikozko poltsek janda.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 3a
19:48
Entzun

BERRIA egunkariak urtarrilaren 30ean argitaratu zuen informazioaren harira, Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailari azalpenak emateko eskatu zion Bilduk, eta gaur egin du agerraldia Jose Luis Sabas zinegotziak. Arraiz mendia garbi dagoela esan du zinegotziak. BERRIAk jakin duenez, ordea, garbitu gabe jarraitzen du Artigas zabortegiaren inguruak. Arraiz mendialdearen toki hori plastikozko poltsaz beteta dago oraindik. Bideoa: Artigas ingurua, urtarrilaren amaieran (BerriaTB).

[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2308/[/Berriatb]

Sabasek Aitziber Ibaibarriaga Bilduren zinegotziaren galderei erantzunez esan duenez, udalak bere mendien egoeraren jarraipena egiten du aldiro, eta udalaren mendiak garbi daude. Arraiz mendiaren bi behe-ibarrak ikuskatu dituela ziurtatu du, eta ez dagoela plastikorik. "Garbi dago". Plastikorik ageri ez den mendialdeen argazkiak erakutsi ditu hori ziurtatzeko. Esan duenez, otsailaren 2an egindako argazkiak dira.

BERRIAk zuzenean ikusi zuen erabat kaltetuta zegoela Artigas inguruko lur eremuaren egoera. Plastikoek erabat jana zuten. Milaka eta milaka plastikozko poltsa zeuden lurrean, errekan, zuhaixka eta adaxketan trabatuta, eta hainbat argazki eta bideo bat argitaratuta erakutsi zuen egoera. Tamaina horretako triskantza bi egunetan garbitzea ezinezkoa da. 

Are, bere horretan jarraitzen du zikindutako eremuak. Inork ez du garbitu, eta plastikozko poltsek janda dago oraindik.

Ibaibarriagak Artigaseko Tratamendu Mekaniko Biologikoko instalazioen eta zabortegiaren inguruko lurren planoa eskatu du, eta lur eremu horiek norenak diren zehazteko. Lurra edonorena izanik ere, garbitzeko neurriak har ditzala eskatu dio udalari. TMB planta bat da zaborraren iturburua, eta hori kudeatzen duen enpresari isuna jartzeko eska dezala ere proposatu dio.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.