Erreakzioak. Jaurlaritza ez dator bat polizia operazioaren "ereduarekin"

2015eko martxoaren 25a
18:49
Entzun

Polizia operazioak hainbat eragileren erreakzioa sortu du.

Eusko Jaurlaritzak esan du ez datorrela bat "gaur goizean zein azken hilabeteetan errepikatzen ari den polizia operazioaren ereduarekin". Eredu horrek, Jaurlaritzaren ustez, "beharrezkoa ez den tentsio egoerara" darama euskal gizartea. Galdera ere luzatu du: "Atxilotutako pertsonei zein beste batzuei lotutako ekintzak oinarririk izanez gero, ez al da egokiagoa ikertu beharreko pertsona horiei zitazioa egitea modu ordenatuan?".

Gainera, Jaurlaritzaren iritziz, "jarduteko moduak eta prozedurak oso garrantzi handikoak dira instituzioen artean jagon beharreko errespetuan eta harremanetan". Horrekin batera, salatu du Ertzaintzak ez duela aurrez operazio honen berri izan.

Ernai: "Gaurkoan ere giza eskubideen alde egiten den lana tronpatu nahi izan dute. "Dena ETA da" argudio zaharkitu eta faltsuaren pean, gutxinaka-gutxinaka irekitzen ari den bidea itxi nahi izan dute".

LAB: "Estatu espainolak Euskal Herriaren bake nahiak ito nahi ditu, gure Herriak konponbideruntz egin duen pauso oro blokeatuz eta errepresioaren bidez zapuztuz. Ez dute lortuko, sarekada berriari mobilizazio berriekin erantzungo diegu. Eraso antidemokratiko hauek euskal demokrazia eraikitzeko konpromiso eta ekimen politiko gehiago ekarri behar dituzte".

Sare: "Onartezina iruditzen zaigu presoen oinarrizko eskubideak lantzen dituzten bi elkartetako kideak atxilotzea. Onartezina izateaz gain, jendarteak ez ditu ulertzen, eta, gainera, presoentzat ezinbestekoa den asistentzia oztopatzeko asmo argia justifikaezina da".

Friendship: Basque Friendship elkarteak ohartarazi du polizia operazio hauek ez diotela onik egiten bake prozesuari. "Senitartekoak ezin dira senide direlako polizia operazioen helburu izan", adierazi du. Halaber, Espainiako Gobernuari eskatu diote atxiloketak uzteko eta bake prozesuan parte hartzeko. Europako Batasunari ere esku hartzeko eskatu diote.

Aguraingo udal gobernuak —bertakoa da Nagore Lopez de Luzuriaga— kezka azaldu du atxiloketen inguruan, eta laurak aske uzteko eskatu du. Atxiloketen "arbitrariotasuna" salatu dute, ohartaraziz "zilegi diren aldarrikapenak krimen bihurtu" nahi dituztela.

ELA: "Operazio hau berrestera dator ELAk joan den urtarrilean esan zuena; alegia, estatuko gobernuak erabaki duela jomugan jartzea euskal preso politikoekin zerikusia duten eragile kolektibo ezberdinak: abokatuak, kolektiboa bera, Etxerat, Jaiki Hadi eta Sare, lehen Herrira-rekin egin bezala".

Donostiako udal gobernuak ere polizia operazioa salatu du –lau atxilotuetako bat donostiarra da: Fernando Arburua–. Ohar batean adierazi du "beste behin" agerian gelditu dela Espainiako Gobernuaren espetxe politika "krudela". Udal gobernuak jakinarazi du parte hartuko duela atxiloketak salatzeko egingo diren mobilizazioetan.

Gazte Abertzaleak eta Bagoaz erakundeek ere gaitzetsi egin dituzte atxiloketak.

Terrorismoaren Biktimen Fundazioa: "Ezin da ETAren porrotaz hitz egin, bost urte biktimarik eragin gabe badaramatza ere errealitate bat delako, eta ez da talde terroristaren aurkako arreta apaldu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.