'Cabacas auzia'

Cabacasentzat eta Zabaletarentzat omenaldi bateratua prestatzen ari dira, apirilaren 29rako, San Mamesen

Athletic-Erreala derbian egin nahi du ekitaldia Iñigo Gogoan ekimenak. Apirilaren 11n, auzia behingoagatik argitu dadila aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Cabacasen lagunek, Ertzaintzak jarurtitako pilotak duela hiru urte zauritu zuen lekuan.

Omenaldia iragarri duten gaurko agerraldia. ARGAZKI PRESS
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 26a
10:29
Entzun

"Apirilaren 11n, arratsaldeko seietan, Maria Diaz de Harora joateko dei egiten diogu Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko gizarteari". Hala iragarri dute Iñigo Cabacasen lagunek justizia eskatzeko eta hurkoa omentzeko egingo duten ekitaldia. "Eredu polizial honi stop esan nahi diogu".

2012ko apirilaren 9an hil zen Iñigo Cabacas, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan eragin zizkion zaurien ondorioz. "Hiru urte dira dagoeneko; 1.095 egun", azaldu du Koldo Gutierrezek lagunen izenean.

Hala ere auziak argitu gabe jarraitzen duela salatu du, eta badela garaia gertaerak argitzeko. "1.095 puxika bidaliko ditugu Bilboko zerura apirilaren 11n, justizia eske oihu egin dezaten".  Bertan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.

Ekitaldi gehiago ere prestatzen ari dira urteurrenaren harira, eta, apirilaren 29an, San Mamesen egin nahi diote omen. Eta ez berari bakarrik: Labankadaz hil zuten Aitor Zabaleta errealzalea ere omendu nahi dute. Biei eskainitako ekitaldi bateratua prestatzen ari direla iragarri dute. Zabaletaren lagunak eta jokalariak ados daudela jakinarazi dute, eta Athletic Club-en erantzunaren zain daudela.

Bestetik, ikus-entzuneko dokumentala ere prestatzen ari dira. Cabacasen irudiak jaso eta gurasoen bizipenak jasotzen dituen bideoa. Aurki aurkeztuko dute hori ere.

"Hiru urte daramagu Iñigo hil zutela esatea bezain argia den gauza bategatik borrokan eta gure barrenak jaten ari da hori", esan du Bikendi Arrausik.  "Egoera honek amaitu behar du".

Auzia behingoagatik argitzeko eskatu du Iñigo Gogoan ekimenak ere. "Jada hiru urte pasatu dira; lotsagarria eta mingarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena".

Denbora honetan egia eta justizia eskatzeko "denetarik" egin dutela gogoratu, eta ez dutela etsiko ohartarazi du: "Iñigori gertatutakoa argitzea eta ez dela berriro gertatuko bermatzea exijitzen jarraituko dugu".

Eta, halakorik errepikatu ez dadin, gomazko piloten erabilera bertan behera uztea "ezinbestekoa" dela azaldu dute. "Horretarako konpromiso politikoa behar da".

Bestetik, Bilboko Udalak bihar egingo dio omenaldia Cabacasi, lehen aldiz. 11:30etan izango da ekitaldia, Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.