EUSKAL PRESOAK
Oier Oaren aldeko manifestaldia eginen dute Larresoron
Euskal presoa, lau urteko presondegi zigorraren kondena bururaturik, apirilaren 4an zen ateratzekoa espetxetik. Baina Paris ondoko Yvelines departamenduko Saint-Germain-en-Laye herrian finkatu diote obligaziozko bizilekua. Haren egoera salatzeko, manifestaldia antolatu dute larunbaterako, 17:00etan, Larresoron.

Larresoron duen familiarekin bizitzeko eskaera egin zuten senideek, baina debekua berretsi zion otsailean epaitegiak. Atzo arte, ordea, familiak ez zekien non finkatuko zioten obligaziozko bizilekua. Larresoron lan batetarako kontratua ere prest zuela, hor bizitzeko “berme guztiak dituela” azpimarratu zuen Malvina Rekalde lagunak, joan den astean egin prentsaurrekoan. Euskal Herrian bizitzeko debekuaren beldur, sostengu kanpaina abiatu zuten. Debekatua “injustizia” bezala bizi dutela berretsi zuen, presondegi kondena bete eta, orain, debeku hori”zigor bikoitza” dela familia osoaren kontra, adin txikiko bi haur dituela, “neurriz kanpokoa”.
Espainiako paperak ditu Oak. Baina Frantziako epaitegiek ezin dute Espainiara bidali. Izan ere, Versailles-ko auzitegiak Oaren aurka Espainiak egin euro agindu eskaera ez zuen onartu eta ondorioz, Frantziako Estatua behartua da nolabait babestea Oa.
Oa Larresoron eta aske bizitzeko eskatzeko apirilaren 11n manifestatzera deitu dute Larresorora.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.